Politika -
Epaiketa Parisen
Suberbiolak 'gatazkak eragindako sufrimendua' aitortu du
Gainera, "sufrimendu eta min" horren aurrean "kalte-ordainak" ematearen alde agertu da.
Erredakzioa
Igor Suberbiola ETAko kideak "gatazkak eragindako sufrimenduaren aitorpen zintzoa" egin du gaur, Parisen egiten ari diren epaiketan. Prozesu horretan Ainhoa Ozaeta eta Jon Salaberria ere epaitzen ari dira, ETAko buruzagiak direlakoan.
"Jakin badakit gatazka bat egon dela eta ni horren parte aktiboa izan naizela; horren ildotik, onartu egiten dut nire erantzukizun guztia (...) eta gatazkak eragindako min eta sufrimendu guztiaren aitorpen zintzoa egin nahi dut". Gainera, min horren aurrean "kalte-ordainak" ematearen alde agertu da.
Suberbiolak berretsi duenez, "borroka armatua dagoeneko ez da existitzen; ETAren borroka armatua iragana da eta ez da sekula gehiago existituko".
Testuinguru berri horretan, "bide politiko eta demokratikoa" baino ez duela erabiliko eta "iraganeko borroka ereduei uko" egiten diela nabarmendu du.
Bestalde, Jon Salaberriak "norbanako konpromisoa" agertu du indarkeria uzteko ETAk 2009. urtetik emandako "urrats guziekin". Halaber, hurrengo hamarkadarako espetxeetan presorik ez egotea espero duela adierazi du.
Azkenik, Ainhoa Ozaetak hildako ETAko kide guztiak omendu ditu, eta Xabier Lopez Peña Thierry zena aipatu du bereziki (berea bikotekidea izan zen).
Fiskaltzak 20 urteko espetxe zigorra eskatu du Ozaetarentzat, 18 urtekoa Suberbiolarentzat eta 15ekoa Salaberriarentzat. Gaur arratsaldean bertan eman lezakete epaia.
"Jarrera politiko orokorra"
Sorturen arabera, hiru auzipetuek indarkeriaren aurka egindako adierazpena "gatazka politikoa konpontzeko jarrera politiko orokor baten parte da eta ezin dute bazterrean utzi, arduragabekeri galanta izango litzatekeelako".
Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen hitzetan, presoen hitzak "adierazpen politiko oso garrantzitsuak" dira; izan ere, "beraien erantzukizuna onartu dute gatazkaren parte bezala". "Eragindako kaltea eta sufrimendua benetan onartu dute; konponketa beharrezkoa dela erantsi dute", azaldu du Barrenak.
"ETAk eta militanteek normalizazio politikoan parte hartu nahi dutela argi utzi dute, erantzukizun propioak onartu baitituzte", erantsi du.
Sortuko buruzagiaren esanetan, ETAko kideek indarkeriari uko egiteak "garai politiko berri baten oinarriak finkatzen ditu. Euskal gizartearen adiskidetzea lortzeko eduki berriak jorratu behar dira eta adierazpen askatasuna eragozpenik gabe gauzatu".