Politika -
Gatazkaren konponbidea
Prozesua bultzatzeko indarrak batzeko deia egin du EH Bilduk
Bestalde, larunbatean Baionan 'Giza eskubideak, konponbidea, bakea' goiburupean egingo den manifestazioa parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Erredakzioa
EH Bilduk "indarrak batzeko, konpromisoak onartzeko eta ekimenak bultzatzeko" deia egin du, prozesuak aurrera egin dezan.
Maria Beitialarrangoitiak eta Maite Iturre EH Bilduko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Donostian, eta bertan ohar bat irakurri dute gazteleraz eta euskaraz.
EH Bilduren iritziz, beharrezkoa da "oztopoak gainditzea", izan ere, "estatuek gatazka estrategiarekin jarraitzen badute ere, azken hilabetetan prozesua bide onetik eramateko pauso eta ekimen esanguratsuak izan dira". Adibide gisara, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) eta iheslarien kolektiboak egindako "ekarpen garrantzitsuak" aipatu dituzte.
Gizartearen inplikazio iraunkorra ere ezinbestekotzat jo dute, eta horren harira, konpromisoak onartzeko eta ekimenak bultzatzeko unea dela adierazi dute, prozesuak aurrera egin dezan. "Errepresioarekin, presoen eta erbesteratuen kontrako jazarpenarekin eta salbuespenezko legeekin amaitzeko garaia da", azpimarratu dute.
Bestalde, estatuei erantzukizunak beren gain hartzeko eta elkarrizketa eta konponbide guneak irekitzeko deia egin diete. EH Bilduren esanetan, "konponbide integrala behar dugu, eta hori da hain zuzen ere Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak eskatzen duena".
Manifestazioa Baionan
Bestalde, EH Bilduko bozeramaileek larunbatean "Giza eskubideak, konponbidea, bakea" goiburupean Baionan egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. Horien iritziz, mobilizazio horrek agerian jartzen du bakearen alde dinamikak bultzatzeko eta partekatzeko dagoen aukera benetakoa dela.
EH Bilduk eredugarritzat jo du larunbateko mobilizazioa, izan ere, Ipar Euskal Herriko gizarte alorreko erakundeetako eta alderdi politiko ezberdinetako pertsonen babesa jaso du, hala, bertan izango dira UMP, Modem eta PSF alderdietako kideak.
Koalizio abertzaleak babesa eskaini dio larunbateko manifestazioari eta bide batez, gatazkaren konponbidearen alde daudenei bertara joateko gonbita egin die.