Politika -

Auzitegi Nazionala

Absolbitu egin dituzte Segiko kide izatea egotzi zieten 40 gazteak

Auzitegi Nazionalaren arabera, akusatuen ekintzak politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik Segirekin, ezta kale borrokarekin ere.

Fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen kide bakoitzarentzat. EiTB.
Fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen kide bakoitzarentzat. EiTB.
Segikoak izateagatik 40 auzipetuak absolbitu egin dituzte

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako 40 gazteei. Epaiketa urrian hasi zuten, eta epaia asteazken honetan eman du auzitegiak. Eleak mugimenduak eman du ebazpenaren berri, Twitter bidez.

Auzitegi Nazionalaren arabera, akusatuen ekintzak politikoak ziren, eta ez zuten inolako loturarik Segirekin, ezta kale borrokarekin ere.

Aditzera emandako bi epaietan (lehenengo 36 gazte epaitu zituzten eta gero beste lau), akusatuak Gazte Independentistak izeneko plataformaren babesean aritu zirela agertzen da, eta plataforma horren jardunean ez dute "ETArekin mendekotasunik aurkitu, ez estrategian, ezta ekintzetan ere". Segiren kontrolpean egotea ere ez dute antzeman.

Ramon Saez Valcarcel izan da bi epaien txostengilea, eta Manuela Fernández de Pradoren sinadura ere dute. Epaiek Nicolas Poveda magistratuaren aurkako boto partikularra izan dute.

40 gazte Segi gazte antolakundeko kide izatea egotzita epaitu zituzten, iazko urriaren 14an hasita. Fiskalak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen ustezko bederatzi buruzagientzat eta zazpi gainontzekoentzat.

Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoia Iragorri ez ziren epaiketara aurkeztu, bideo batean adierazi zutenez, ez diotelako eurak epaitzeko zilegitasunik onartzen Auzitegi Nazionalari. Gerora, ordea, laurak atxilotu zituzten.

Zalantzan jarri dituzte inkomunikazio aldian egindako adierazpenak

Epaiak baliogabe utzi ditu auzipetuek inkomunikatuta zeudenean Poliziaren aurrean egindako deklarazioak, eta zalantzan jarri du "askatasun osoz" egin ote zituzten.

Horren ildotik, "askatasun osoz, borondatez eta bat-batean" egindako deklarazioak baino ezin direla aurkako frogatzat erabili esan dute epaileek.

Auzipetu gehienek egindako tortura salaketen aurrean, baina, epaiketa honen helburua ez dela torturatu ote zituzten argitzea ohartarazi du auzitegiak.

2009ko atxiloketak

Ia lau urte lehenagoko sarekadan du jatorria epaiketak. 2009ko azaroaren 24ko gauean izan zen.

34 gazte atxilotu zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Fernando Grande Marlaska epaileak agindutako operazioan.

Atxiloketen ostean, Espainiako Barne Ministerioak Segiren zuzendaritza desegintzat eman zuen. Ministerioko arduradunen arabera, Segi "ETAren harrobia" zen, eta kale borrokaren arduradun nagusia.

Kartelak jartzea

Akusatuetako batzuek Segiren kartzelak jartzeari buruz, magistratuek esan dute hainbat hipotesi sor ditzakeela "ez soilik militantziarena edota taldearen markoan sartzean, gorespen ekintza bat ere izan daiteke", beraz, akusatu horiei gorespen delitua inputatu liezaiokete, baina ez parte izatekoa.

Ekintza hori, nabarmendu dutenez, taldearen "iragan kolektibo baten memorializazioaren estrategian sartu daiteke", baina Gazte Independentistak "ez zuten ETAren jarduera osatzen zuten zuzendaritza, programazioa eta kale indarkeriaren kontrola jaso, ezta bere gain hartu ere", azaldu dute.

EH Bilduk "antzeko" kasuentzako absoluzio-epaiak eskatu ditu

Segiren antzeko "kasuengatik" zintzilik dauden epaiak "modu berean" amaitzea eskatu du EH Bilduk.

Eskaera hori Maite Ubiria koalizioako ordezkariak egin du, "monarkiaren eta inposaketaren" aurka mobilizazio bat deitu duten ekitaldiaren amaieran. Halaber, "zintzilik dauden epaiak ez burutzea" eskatu du.

"Salbuespen legediekin eta epaiketa politikoekin amaitzeko garaia da", nabarmendu du Ubiriak. "Poztasuna" erakutsi du absoluzio horregatik, eta akusatuen senideak zoriondu ditu.

Aralar: "Segiren epaiak Bateragune auzia erdigunean jartzen du"

Aralarren ustez, Segiren absoluzio-epaia "aurrekari bat eta arreta dei bat" da "herriko tabernei" buruzko adierazpenerako. Bateraguneren auziari buruz "Auzitegi konstituzionalak hartuko duten erabakia erdigunean jarri du", nabarmendu du.

"Oso garrantzitsutzat" jo du prozesu judizialek "pauso bat gehiago ematea ideia batzuen, direnak direla, eta indarkeriaren jardueraren defentsaren arteko bereizpenean".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea