Politika -

Abdikazioari buruzko eztabaida

Juan Carlos I.a erregearen Abdikazio Legea onartu du Kongresuak

PP, PSOE, UPyD, Asturiasko Foroa, eta UPN alderdiek alde bozkatu dute, CiU, EAJ eta CC abstenitu egin dira, eta gainerakoak, Amaiur salbu, kontra agertu dira. Amaiurreko diputatuak irten egin dira.

Abdikazio Legearen bozketa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EiTB
Abdikazio Legearen bozketa Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EiTB
Diputatuen Kongresuak onartu egin du erregearen abdikazioa

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuak gehiengo osoz onartu du Juan Carlos I erregearen Abdikazio Legea.

Guztira 341 diputatuk parte hartu dute bozketan, eta horietatik 299k bozkatu dute alde, 19k aurka eta 23 abstenitu egin dira. Bestalde, Odon Elorza Donostiako alkate ohiak PSOEko boto diziplina hautsi du eta bozketan abstenitu egin da. Guillem Garcia Gasulla Balear uharteetako diputatuak, berriz, bozketan ez parte hartzea erabaki du. Aurreko egunetan Elorzak zein Garcia Gasullak boto askatasuna eskatu zuten.

Zuzenketa guztiak alboratu dituzte

Abdikazio Legeari aurkeztutako zuzenketa guztiak alboratu ditu Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak. Zuzenketa horietan Abdikazio Legea baztertzea eta Estatu ereduari buruzko erreferenduma deitzea eskatzen zuten.

Bozketan, zuzenketen alde agertu dira 21 diputatu, 301 kontra eta 21ek abstentziora jo dute.

Osoko bilkura 09:00etan hasi da, eta diputatuek legea irakurketa bakarrean tramitatzea erabaki dute. Horren ondotik eztabaida hasi da, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea izan da hitz egiten lehena.

Rajoy: "Espainiarren iritziarekin bat egin dugu"

Monarkiak Espainian izan duen papera nabarmendu du Rajoyk, eta ondorengotza prozesua normaltasunaren barruan kokatu du. Halaber, ez du uste Abdikazio Legearen izapidearen ondotik, Diputatuen Kongresuan Estatu Ereduaren inguruko eztabaida zabaldu behar denik.

"Espainiarren iritziarekin bat egin dugu, 1978koekin eta 2014koekin", azaldu du. Rajoyren iritziz, Estatuaren buruzagitzaren ondorengotza prozesua normaltasunez egiten den lehen aldia da bi mendetan.

Rubalcaba: "Saihestu ezin den betebeharra"

Sozialistek Abdikazio Legearen alde bozkatuko dutela bermatu du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruzagiak. Azaldu duenez, sozialisten betebehar "saihestu ezina eta bazterrezina" da legea eta Konstituzioa betetzea.

Asteazken honetan "abdikazioaren gainean erabakiko dugu, abdikazioaz soilik, gaurkoa ez da Monarkia eta Errepublikari, edo Erregetzaren ondorengotzari buruzko eztabaida, izan ere, hori 1978an bozkatu zen, Konstituzioan jaso zen eta herriak berretsi egin zuen erreferendum bidez", azaldu du Rubalcabak.

Kataluniako eskariekiko sentiberatasuna izateko eskatu du CiUk

"Errege berriak Kataluniako eskarien aurrean sentiberatasuna" agertuko duenaren esperantza adierazi du Josep Antoni Duran i Lleida CiUk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak

CiU bozketan abstenitu izana arrazoitu du Duran i  Lleidak. Horren iritziz, Espainiako alderdi politiko nagusiek denbora luze daramate Katalunia Espainiako historiatik kanpo uzten.

Ezker Anitza: "Erakunde anakroniko eta bidegabea"

Cayo Lara Ezker Anitzako bozeramailea galdeketa egitearen alde agertu da, herritarrek Errepublikaren eta Monarkiaren artean aukeratzeko abagunea izan dezaten. Halaber, erakunde "anakroniko eta bidegabe" horri estaldura ez emateko eskatu die diputatuei.

Cayo Lararen hitzaldiaren hasieran bere taldeko gainerako diputatuak zutik jarri dira eta "Erreferenduma orain" zioten kartelak erakutsi dituzte.

UPyD: "Estatu eredua ez da hain garrantzitsua"

Rosa Diez UPyD alderdiak Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, "ez dauka zentzurik errepublika ala monarkia eztabaida mahai gainean jartzeak. Horren iritziz, Estatu eredua baino, sistemaren kalitatea da garrantzitsuena.

"Une historiko hau demokrazia birsortzeko" baliatzeko eskatu die gainerako alderdi politikoei.

EAJ: "Hurrengo erregeak bere erabilgarritasunaz konbentzitu behar du"

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, hurrengo Espainiako erregeak bere tronua irabazi behar du, eta gainera bere erabilgarritasunaz konbentzitu behar ditu botere publikoak eta herritarrak. Estebanen esanetan, Erregeak ezin du "ekitaldiz ekitaldi paseatzen dabilen argizarizko irudi izatera" mugatu.

Horren iritziz, Felipe VI.a erregeak argi utzi behar du zer estatu eredu nahi duen, eta bestalde, Espainiako estatua osatzen duten nazioen asmoei erantzun behar die, horiek aitortzetik hasita.

Amaiur: "Hau Francori leialtasuna zin egin zion Erregea da"

Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak honela deskribatu du Juan Carlos I.a erregea: "bi aurpegiko erregea izan da: Francori leial izango zela zin egin zuen eta, gero demokrata bihurtu zen".

“Demokrazia eta herentziazko boterea ez dira bateragarriak, eta are gutxiago Espainian, non Estatu burua eta Armadako burua pertsona bera diren”, ohartarazi du. Hitzaldiaren amaieran ikurrina bat atera du eta "Gora Euskal Herria askatuta! Gora euskal errepublika!" oihukatu du”.

Geroa Bai: "Izapideak ezkutuan egin dituzte"

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak herriari entzungor egitea egotzi die PPri eta PSOEri. Salatu duenez, gizartearen zati batek monarkiari buruzko galdeketa egitea eskatzen du, bereziki, Europako hauteskundeen ondoren Espainiako bipartidismoa airean gelditu ostean.

Bere botoa azaltzeko, izapideak ezkutuan egin dituztela salatu du, eta hori monarkiaren kontrako errespetu falta dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea