Politika -
Aho batez erabaki dute
Bizkaiak zailtasunak dituzten enpresen bazkideak babestuko ditu
Bizkaiko Batzar Nagusiek hartzekodunen konkurtsoan dauden kooperatiben langileak babesteko arau bat onartu dute, aho batez.
Bizkaiko Batzar Nagusiek arau bat onartu dute harzekodunen konkurtsoan dauden kooperatibetako langileak babestu, eta enpresan egin zituzten baina berreskuratu ez dituzten aportazioengatik zergarik ordaindu behar ez izateko.
Foru-arauak "ordezko" zerga-tratamendua eskainiko du lana utzi ostean sortzen diren egoera jakin batzuentzat, eta talde guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE eta PP) aho batez onartu dute, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikan egin duten osoko bilkuran.
Arau hori dela eta, lan-bizitzan bildutako aurrezkiak berreskuratu ezin dituen langileak (enpresa hartzekodunen konkurtsoan edo likidazioan dagoelako) ez du zergarik ordaindu beharko jaso ez dituen irabazi horiengatik. Lan egiteari utzi aurretik eta gutxienez bost urtez bazkide izan diren langileek izango dute zerga-tratamendu hau baliatzeko aukera, bazkide izateagatik jaso behar zuten guztia edo horren parte bat jaso ez badute.
Lan-bizitzari utzi aurreko azken bost urteetan erakundeko zuzendaritza edo administrazio lanetan aritu direnak, berriz, kanpoan geldituko dira. Lan-bizitzari utzi aurreko bost urteetan erakundearen kapitalean zuzenean edo zeharka % 20tik beherako parte-hartzea izan dutenek ere arau horri heldu ahalko diote.
Foru arauak zehaztutakoaren arabera, erretiroa hartzen denean izaten den ondasun irabazirik izan ezean, ez da zergarik ordaindu beharko, langileak konpainiari maileguan utzi dion dirua berreskuratu duela baieztatu arte. Halaber, enpresak horri zor diona itzultzeko diru nahikorik ez badu, kalteak irabaziekin konpentsatu ahalko ditu langileak, berreskuratu duen parteari dagokiona bakarrik ordainduta.