Politika -
Abdikazioa
Felipe aldarrikapenean militar jantzita joatea kritikatu du EAJk
Printzeak kaleko arroparekin joatea erabakiko balu militarren artean "iskanbilarik" sortuko ez litzatekeelakoan dago Aitor Esteban.
Erredakzioa
Felipe VI.a errege-aldarrikapenera militar jantzita joateko aukera kritikatu du Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak. Izan ere, jeltzalearen iritziz, irudi horrek antzinako garaiak ekarriko lituzke gogora.
"Zin egite zibila bada, militar jantzita joateak trantsizio garaian gertatutakoa ekarriko du gogora. Beste garai batzuk dira hauek", adierazi du Estebanek.
EAJko bozeramailearen arabera, erregea estatubu izatea da gauzarik "garrantzitsuena", eta ez Armadako buru izatea, hori kargu osagarria baita.
Kazetariek egindako galderei erantzunda, Estebanek esan du Felipe VI.ak kaleko arroparekin joateren alde egingo balu militarren artean "iskanbilarik" sortuko ez litzatekeelakoan dagoela.
Halaber, "handikeriarik gabeko" ekitaldi baten alde egin du, "herriaren egoera ekonomikoak ez duelako bestelakorik onartzen".