Politika -

Krisia PSOE-n

Susana Diazek uko egin dio PSOEko idazkari nagusi izateari

Ser irratiak aurreratu duenez, Andaluziako presidente karguan alderdiari gehiago lagunduko diola argudiatuta hartu du erabakia Diazek.

Susana Diaz, Andaluziako presidenea. Efe.
Susana Diaz, Andaluziako presidenea. Efe.
Susana Diazek uko egin dio PSOEko buruzagitzari

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz Andaluziako sozialisten idazkari nagusi eta Juntako presidenteak uko egin dio PSOEko idazkari nagusi izateari. Informazioa Ser irratiak aurreratu du, eta Andaluziako PSOEren Zuzendaritzako iturriek baieztatu dute.

Diazek PSOEko lider izateko hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu den egunean kaleratu du erabakia. Sozialistek uztailaren amaieran egingo dute idazkari nagusi berria hautatzeko ezohiko kongresua.

Juan Cornejo Andaluziako PSOEko idazkariak atzo adierazi zuenez, "Diazek ez dio oraindik zuzendaritzari inolako erabakiren berri eman", baina honakoa erantsi zuen: "Andaluziako presidente izaten jarraitzea nahi dugu, Andaluziako herritarren zerbitzura, herritarrek ere hala nahi dutelako".

Europako hauteskundeetan Espainia mailan demokrazian izandako emaitzarik kaskarrenak lortu arren, Andaluzian sozialistek irabazi zutela nabarmendu du Ser irratian duela bederatzi hilabete Andaluziako presidente izendatu zutenak.

"PSOEri laguntzeko modurik onena Andaluzian gauzak ondo egitea eta beste modu batera ere egin daitezkeela erakustea da", esan du Diazek, eta legealdi osoa betetzeko asmoa duela iragarri du.

Andaluziako presidentearen hitzetan, PSOEko Idazkaritza Nagusiari uko egiteko erabakia "jende askorekin eta alderdikide askorekin hitz egin ostean" hartu du.

"Emandako hitza betetzea"

"Andaluziari, Espainiari eta politikari mesede egiteko modua emandako hitza betetzea da", esan du. Diazek azaldu duenez, bere erabakian pisu handia izan du "Andaluziak Espainiarentzat duen garrantziak". "Une zail hauetan, egonkortasun politikoa eman behar diot biztanle gehien dituen Espainiako erkidegoari", gaineratu du

Halaber, presidente andaluziarrak Europako hauteskundeak izan ditu gogoan: "Andaluziako PSOE sozialisten sostengua da orain, Europako hauteskundeetan demokraziako emaitzarik txarrenak lortu ostean, Andaluzian milioi bat boto lortu genituelako". Ondorioz, "ezin diet hutsik egin PSOEn konfiantza jarri duten andaluziarrei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea