Politika -
Polizia operazioa
Tomas Madina ETAko ustezko kidea Madrilera eraman dute
Patxi Lopez eta Rodolfo Ares hiltzen saiatu zen talde batekin lotura izatea egotzi dio Guardia Zibilak.
Erredakzioa
Guardia Zibilak Tomas Madina atxilotu du gaur goizaldean Galdakaon (Bizkaia), ETAko kide izatea egotzita, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Atxiloketa 03:00etan egin dute, haren etxean.
Guardia Zibilak Tomas Miguel Madinaren lantokiko eta etxebizitzako erregistroak amaitu du, baita baserriarena ere. Uneotan Madrilera eramaten ari dira, eta asteazkenean jarriko dute Auzitegi Nazionaleko 6 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren esku.
Terrorismoaren aurkako iturriek azaldu dutenez, agenteek ikuskapen lanak amaitu dituzte. Goizeko 03:00etan hasi dituzte, atxiloketarekin batera, Galdakaon (Bizkaia).
Iturri horien arabera, 2011 urtean ETAk indarkeriaren amaiera iragarri baino lehen Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares horren Herrizaingo sailburua hiltzen saiatu omen zen Otazua taldearekin lotura du atxilotutakoak.
Atentatua ETAko biktima baten hiletan egin nahi ei zuten, eta, ustez, Madinak tiratzaile lanak egin behar zituen.
Bestalde, atxilotutakoaren etxea ez ezik, agenteek Lagun Aro aseguru-etxearen bulego bat ere miatu dute, bertan egiten baitu lan. Guardia zibilek hainbat kutxa eta ibilgailu bat eraman dituzte.
Europa Press agentziaren esanetan, ETAk ukatu egin zuen, 2011. urteko Zutabe batean, Lopezen eta Aresen aurka atentatua egiteko asmorik zuela. ETAren aldizkari horren arabera, Espainiako Gobernuak 2010. urteko otsailetik zekien atentatu gehiago egiteari uko egin ziola.
"ETAren amaierarako beste pauso bat"
Barne Ministerioaren ustez, atxiloketa "beste pauso bat" da ETAren "amaierako bide atzeraezinean".
Hain justu, erakunde armatuak Espainiako Estatuan dituen azpiegiturak guztiz desegiteko urrats garrantzitsua dela adierazi du.
Otazua taldeko kideak, espetxean
Auzitegi Nazionalak 45 urteko espetxe zigorra ezarri zien Otazua taldeko kideei (Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Daniel Pastor), 2009ko ekainean Eduardo Puelles poliziaburua hiltzeagatik.
Dena dela, hori ez da ETAko kide horiek jaso duten espetxe zigor bakarra. Orotara, milaka urteko zigorra ezarri diete, Luis Conde militarra hiltzeagatik eta Burgosko kuartelaren eta Gabriel Gines bizkartzainaren (larri zauritu zuten) aurka atentatua egiteagatik.