Politika -

Giza katea

Urquijo: 'Manifestazio asko izanda ere, Konstituzioa ez da aldatuko'

Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkariak nabarmendu du giza katera joan zirenak euskal herritarren "% 10a" ere ez direla.

Carlos Urquijo Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkaria. Artxiboko irudia. EiTB
Carlos Urquijo
Carlos Urquijo Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkaria. Artxiboko irudia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Urquijo Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkariak esan duenez, igandean erabakitzeko eskubidearen alde giza katea babestu zutenak ez dira euskal herritarren "% 10era" iristen. "Kalean manifestazio asko izan arren, Konstituzioa ez da aldatuko", nabarmendu du.

Forondako Aireportuari buruz Gasteizen eman duen prentsaurrekoan, Euskadin eta Nafarroan egindako mobilizazioak "erabakitzeko eskubidearen eufemismoa" erabili izana kritikatu du.

Gobernuko ordezkariaren hitzetan, martxa "autodeterminazioaren" eta "independentziaren" aldarrikapena izan da. Mobilizazioak "porrotean amaituko" du, "Espainiako Konstituzioak Estatuaren konfigurazioari buruz esaten duena esaten duelako; eta artikulu bakarrean ere ez dator Espainiaren zati bat banatzeko eskubidea dagoenik".

Urquijok azaldu duenez, Gure Esku Dago kolektiboak "kalera 150.000 pertsona irten zirela" esan du. "Euskal Herrian 2,2 milioi pertsona bizi dira, hau da, kalera ez zen % 10a ere irten", adierazi du.

Ez da "erabakigarria"

Urquijoren hitzetan, giza katea ekimen "oso errespetagarria" da, baina ez da zerbait "erabakigarria". Urquijok azpimarratu du Euskadin "gai askoz ere garrantzitsuagoekin beste manifestazio batzuk" izan direla.

Horren haritik, azaldu du 1997ko uztailean "Bilboko kaleetara milioi erdi pertsona baino gehiago atera zirela ETAren aurka eta Miguel Angel Blanco aske uztearen alde".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea