Politika -
'Gure esku dago', erreakzioak
PSE: 'Euskadiren lehentasunak langabezia eta krisia dira'
PSEren arabera, "guztiok dakigu zein alderdi eta elkarte dauden erabakitzeko eskubidearen errekonozimenduaren atzean".
Idoia Mendia PSEren bozeramaileak Iruñea eta Durango lotu dituen giza katearen harira galdetuta esan duenez, euskal gizartearen arazoak "ekainaren 7ko eta urtarrilaren 1eko berak dira: krisialdi ekonomikotik irten eta eredu sozialak sortu dituen kalteak erreparatzea, milaka langabetuen egoera hobetu eta itxaropenezko etorkizun bat eskaintzea".
Mendiaren ustez, sozialistek ez dute nahi "behin eta behingoz" erabaki, "aberasten" duten identitateen eta loturen inguruan "bat eginik aurrera egiten" jarraitu baizik.
Erabakitzeko eskubidearen inguruan euskal sozialistek nabarmendu dutenez, "ustezko eskubide hori ezerezean geratzen da ez bada zehazten zer erabaki nahi duten, nork erabaki nahi duen, zelan eta noiz gauzatuko den erabakia". Testuinguru horretan, alderdiaren arabera, "modu abstraktuan ez litzateke ezberdina izango pentsatzeko eta zoriontsu izateko eskubidearekin alderatuta. Nork ez du izan nahi?".
PSE-EEren arabera, "guztiok dakigu erabakitzeko eskubidearen aitortzea nork bultzatzen duen herrialde honetan". Gainera, giza katea Kataluniatik etorri den ekimena dela azaldu dute ohar baten bidez, eta "oso argi dago" bultzatzaileek zer nahi duten: "independentzia eta banandutako estatu bat sortzea, ez erabakitzeke dauden beste gauza batzuk".
"Herrialde honetan elkar ezagutzen dugu guztiok, eta badakigu zein punturaino diren bat-batekoak herri ekimen batzuk", gaineratu dute.