Politika -
Atxiloketa
Maria Jesus Elorza ETAko kidea atxilotu dute Madrilen
Elorzak "Donosti" komandoan parte hartu zuen, eta hura deuseztatzean, Frantziara egin zuen ihes.
Erredakzioa
Maria Jesus Elorza Zubizarreta "Karakate" ETAko kidea atxilotu du gaur 07:30etan Poliziak Madrilgo aireportuan. "Donosti" komandoan parte hartu zuen Elorzak laurogeiko hamarkadan. Komando horri leporatzen zaio Estatuko segurtasun indarretako zenbait kideren hilketa.
Barne Ministerioak adierazpen batean azaldu duenez, Elorzak Frantziara egin zuen ihes 1984an, komandoa deuseztatzean, eta ETAren arlo logistikoan sartu zen.
1948an Elgoibarren jaioa, ezkutuan Venezuelan bizi izan da Elorza, gaur goizera arte. Espainiara iristean, Polizia Nazionalak atxilotu egin du Adolfo Suarez Madrid-Barajas aireportuan. 2006ko abendutik, Frantziako Justiziak igorritako Atxiloketa eta Entrega Ordena europarrak Elorza atxilotzeko agindua zeukan, terrorismoagatik.