Politika -
Erabakitzeko eskubidea
123 kilometroko ibilbidea prest, 100.000 lagunetik gora hartzeko
Gure Esku Dago plataformatik esan dute giza katea "mugarri" izango dela, baina prozesua ez dela ekainaren 8an amaituko, "hasi baizik".
Erredakzioa
Dena prest dago Durangotik Iruñera bidean, igande honetako giza katea osatuko duten 100.000 pertsonatik gora hartzeko. 123 kilometroko luzera izango du kateak, eta Gure Esku Dago plataformak iragarri moduan, katearen bukaera Iruñeko Antoniutti parkean izango da, eta ez Sarasate pasealekuan aurreikusita zegoen bezala.
Gaur prestakuntza eta koordinazio lana izaten ari da bihar giza katea hartuko duten Euskal Herriko hamaika txokotan. Hala, giza kateko kilometro guztiak markatuta eta bideko seinaleak jarrita daude. Halaber, Durango, Bergara, Lazkao, Etxarri-Aranatz eta Iruñeko festa guneetan ere guztia prest dute biharko.
Giza kateak Durangon izango du hasiera, eta Landako gunea prest dago bihar goizean kazetarien bilgune izateko; izan ere, berrehundik gora kazetari daude akreditatuta.
Giza katearen helmuga Iruña izango da, baina azken orduko aldaketak izan dira; izan ere, giza katea ez da Gaztelu plazan ez Sarasaten bukatuko, Antoniutti parkean baizik.
12:00etan emango zaio hasiera kateari, baina bi ordu lehenago, parte hartzaile guztiek euren tokian prest egon beharko dute, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramaileak festarekin bat egitera deitu ditu herritarrak. Hala, oraindik metroa erosi ez dutenei festa-guneetara jotzera deitu ditu: Iruñera, Etxarrira, Lazkaora, Bergarara edo Durangora. Halaber, garraio publikoa erabiltzeko deia egin du. Ildo horretan, Pesak, Renfek, EuskoTrenek eta Villavesak zerbitzuak indartu dituztela nabarmendu du. Guztira, 900 autobus jarri dituzte martxan antolatzaileek, eta 2.500 boluntario izango da dira igandeko ekimenean.
''Mugarri''
Oiarbideren hitzetan, ''dagoeneko arrakasta'' da egitasmoa, eta berau ''ez da ekainaren 8an bukatuko''. ''Elkarlanerako ate handia ireki du'', gaineratu du. Bozeramailearen aburuz, ''herritarrak artikulatzeko eta josteko erreminta'' izan da giza-katea. ''Gai izan gara sentsibilitate politiko ezberdinetako jendea bat egiteko eta elkarlana sustatzeko'', azpimarratu du.
Oiarbidek dio "mugarri" izango dela igandekoa, baina prozesua ez dela ekainaren 8an amaituko, "hasi baizik". Era berean, ekainerako beste mobilizazio bat iragarri du, duela hiru hilabete Bilboko Casillan egindakoaren antzekoa.
Infozazpin egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, igandeko giza katea "urte askoan itxarondako" argazkia da: "Pentsaera desberdineko pertsonak elkarri eskua emango diogu euskal herritarron etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidean oinarrituta".
Idiazabaldarraren arabera, euskal herritarrak denbora asko egon dira "gure arteko desberdintasunak azpimarratzen, eta komunean duguna ahaztu dugu, oinarri batzuk: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarron garaia da".
Diaspora
Diasporako euskal herritarrek ere ekimenarekin bat egin dutela adierazi du bozeramaileak, eta, ildo horretan, munduko hainbat hiritan Gure Esku Dago mugimenduak sortu direla azaldu du. Igandean giza kateak egingo dituzte hainbat tokitan, tartean Mexikon, Sydney hirian, La Platan, Buenos Airesen, Boisen eta New Yorken. ''Batek baino gehiagok esan digu 'basque connecting' eguna izango dela'', gaineratu du.
Jaurlaritzak ez du parte hartuko
Eusko Jaurlaritzak ez du igandean erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean parte hartuko, baina "begi onez" ikusten du alderdietako ordezkariek norbanako gisa parte hartzea, Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez. Jeltzaleak ekimena goraipatu du, "gizartetik" ateratzen delako, eta "adierazpen eta manifestazio askatasuna era kolektiboan bideratzen duelako".