Politika -
Ipar Euskal Herria
Bakebideak inoizko babesik handiena lortu du ekainaren 14ko martxarako
Ia alderdi guztietako ordezkariek babesa agertu diote datorren asteko manifestazioari. Presoen eskubideak errespetatzeko eta Aieteko bideari ekiteko eskatu diete Frantzia eta Espainiari.
Erredakzioa
Alderdi nagusietako hainbat ordezkarik, Ipar Euskal Herriak Parisen dituen sei parlamentarietatik bostek eta zenbait herri elkargotako ordezkarik, besteak beste, babesa agertu diote datorren larunbatean Baionan egitekoa den manifestazioari, gaur, larunbata, egindako prentsaurreko batean.
Izan ere, horren moduko ekimen batek inoiz lortutako babesik handiena lortu du Bakebideak deitutakoak.
Babesa agertu dioten politikari batzuk:Sylviane Alaux Frantziako Alderdi Sozialistako diputatua, Pirinio Atlantikoetatik; Colette Capdevielle Frantziako Alderdi Sozialistako diputatua, Pirinio Atlantikoetatik; Jean Lassalle MoDem alderdiko diputatua, Pirinio Atlantikoetatik; Frederique Espagnac PSFren senataria Pirinio Atlantikoetatik eta Jean Jacques Lasserre MoDem-eko senataria Pirinio Atlantikoetatik.
Manifestazioarekin bat egiteaz gain, Aieteko bideari ekin behar zaiola azpimarratu dute agerraldia egindako hautetsiek. Frantziako eta Espainiako estatuek prozesua blokeatu dutela azpimarratu ondoren, blokeo egoera gainditu eta urratsak emateko eskatu dute.
Halaber, presoen eskubideak errespetatzea eskatu dute; alegia, gaixorik dauden presoak aske uzteko, espetxe-politika aldatzeko...
Bestalde, Francoise Hollande presidentea eta Christiane Taubira Justizia ministroa gogor kritikatu dituzte, PSFko (Frantziako Alderdi Sozialista) eta Frantziako eskuineko zenbait kidek, besteak beste.