Politika -

Epaiketa Frantzian

Suberbiola: 'Egun ez dago jarduera armaturik, eta ez da egongo'

Terrorismoaren kontrako Frantziako Poliziaren hitzetan, ordea, ETAk ez du desegiteko asmorik, eta Frantziako kartzela bateko preso bati atzemandako dokumentua aipatzen du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Egun ez da (ETAren) inongo jarduera armaturik, eta ez da sekula egongo, ez Frantzian, ez Espainian (...) ezta munduko beste edozein tokitan ere'', esan du ostiral honetan Igor Suberbiolak, Pariseko Auzitegi Kriminalean egiten ari diren epaiketan. Ainhoa Ozaeta, Suberbiola bera eta Jon Salaberria ari dira epaitzen bertan, lehenengo biei ETAko agintari izatea leporatuta. Saio horretan, Laurent Hury Frantziako terrorismoaren kontrako Zuzendaritzaordeko buruak esan du ETAk ez duela desegiteko asmorik, Frantziako kartzela bateko preso bati atzemandako dokumentuan oinarrituta.

Hiru akusatuek gaurko saioan esan dute epaiketak ''asmo politiko argia'' duela: Euskal Herrian aldaketa politikoa izan dela ukatzea''.

Hala, Surberbiolak azpimarratu du ETAk desarmearekiko konpromisoa  agerian utzi duela azken adierazpenetan, eta konpromisoa hori ''bukaerara arte'' eramango duela.

Beste bi akusatuek Suberbiolaren hitzekin bat egin dute eta, hala, ''eragindako sufrimenduaren eta minaren aitorpen zintzoa''  egin dute hirurek, erakundea ''hamarkadetako gatazka armatuan parte'' izan ostean.

"Iraganean erabilitako borroka armatuari formari uko egiten diogu'', gaineratu du, eta etorkizunari begira ''bide demokratiko eta baketsuak soilik'' erabiliko dutela berretsi dute.

ETAk armak berriz hartzea erabakiko balu konpromiso horri eutsiko ote liketen galdetuta, Suberbiolak eta Salaberriak esan dute ''ez dagoela atzera martxarako aukerarik''.

ETAk ez du desegiteko asmorik, Laurent Huryren hitzetan

''ETAk ez du desegiteko asmorik, "zuba" zuzendaritza organo gorenaren  abenduko dokumentu baten arabera'', esan du Laurent Huryk.

Frantziako kartzela bateko preso bati atzemandako dokumentua dela azaldu du, baina ez du preso horren izenik aipatu. Horretan oinarrituta, terrorismoaren kontrako Zuzendaritzaordeko buruak dio ETAk baduela operatibo dagoen ''batzorde exekutiboa''.

Halaber, Huryk defendatu du ETAk baduela oraindik ''gaitasun hilgarri handiko armategia''. Zehazki, esan du oraindik ez dituztela errekuperatu 2006an lapurtutako 404 pistoletatik 252, 1.300 kilo lehergailuetatik 500 kilo, ezta lapurtutako 1.000 matrikula.

Terrorismoaren kontrako Zuzendaritzaordeko buruaren hitzetan, aske dauden ETAko kideak ''ez dira asko'' (100 baino gutxiago, Jean-François Ricard fiskalaren datuen arabera), eta esan du Europan barrena ''nolabaiteko diaspora'' sortu dela. Hain zuzen ere, Alemania eta Italia aipatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea