Politika -
Gure Esku Dago
100.000 lagunek eman dute izena igandeko giza katerako
Plataformatik esan dute "mugarri" izango dela igandekoa, baina prozesua ez dela ekainaren 8an amaituko, "hasi baizik". Jaurlaritzak iragarri du ez duela parte hartuko.
Erredakzioa
Gure Esku Dago Euskal Herriko herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak iragarri duenez, dagoeneko 100.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena igandean Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katean parte hartzeko. Azken orduko aldaketa izan da eta katearen bukaera ez da izango Iruñeko Sarasate pasealekuan (aurreikusi bezala), Antoniutti parkean baino.
Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramaileak festarekin bat egitera deitu ditu herritarrak. Hala, oraindik metroa erosi ez dutenei festa-guneetara jotzera deitu ditu: Iruñera, Etxarrira, Lazkaora, Bergarara edo Durangora. Halaber, garraio publikoa erabiltzeko deia egin du. Ildo horretan, Pesak, Renfek, EuskoTrenek eta Villavesak zerbitzuak indartu dituztela nabarmendu du.
Guztira, 900 autobus jarri dituzte martxan antolatzaileek, eta 2.500 boluntario izango da dira igandeko ekimenean.
''Mugarri''
Oiarbideren hitzetan, ''dagoeneko arrakasta'' da egitasmoa, eta berau ''ez da ekainaren 8an bukatuko''. ''Elkarlanerako ate handia ireki du'', gaineratu du.
Bozeramailearen aburuz, ''herritarrak artikulatzeko eta josteko erreminta'' izan da giza-katea. ''Gai izan gara sentsibilitate politiko ezberdinetako jendea bat egiteko eta elkarlana sustatzeko'', azpimarratu du.
Oiarbidek dio "mugarri" izango dela igandekoa, baina prozesua ez dela ekainaren 8an amaituko, "hasi baizik". Era berean, ekainerako beste mobilizazio bat iragarri du, duela hiru hilabete Bilboko Casillan egindakoaren antzekoa.
Infozazpin egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, igandeko giza katea "urte askoan itxarondako" argazkia da: "Pentsaera desberdineko pertsonak elkarri eskua emango diogu euskal herritarron etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidean oinarrituta".
Idiazabaldarraren arabera, euskal herritarrak denbora asko egon dira "gure arteko desberdintasunak azpimarratzen, eta komunean duguna ahaztu dugu, oinarri batzuk: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarron garaia da".
Diaspora
Disporako euskal herritarrek ere ekimenarekin bat egin dutela adierazi du bozeramaileak, eta, ildo horretan, munduko hainbat hiritan Gure Esku Dago mugimenduak sortu direla azaldu du. Igandean giza kateak egingo dituzte hainbat tokitan, tartean Mexikon, Sydney hirian, La Platan, Buenos Airesen, Boisen eta New Yorken. ''Batek baino gehiagok esan digu 'basque connecting' eguna izango dela'', gaineratu du.
Jaurlaritzak ez du parte hartuko
Eusko Jaurlaritzak ez du igandean erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean parte hartuko, baina "begi onez" ikusten du alderdietako ordezkariek norbanako gisa parte hartzea, Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez.
Erkorekak ekimena goraipatu du, "gizartetik" ateratzen delako, eta "adierazpen eta manifestazio askatasuna era kolektiboan bideratzen duelako".