Politika -

Adierazpena

Uruguaiko ordezkariek euskal bake prozesuari babesa eman diote

Bake prozesuari babesa emateko adierazpena aurkeztu dute Uruguaiko alderdi politikoetako eta Gobernuko ordezkariek. "Une politiko historikoa" dela dio adierazpenak.

Foro Soziala. Artxiboko irudia: EFE
Foro Soziala. Artxiboko irudia: EFE
Foro Soziala. Artxiboko irudia: EFE

Eriz Lotina | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko bake prozesuari babesa emateko adierazpena aurkeztu dute Uruguaiko alderdi politikoetako eta Gobernuko ordezkariek.

"Euskal Herriak bizi duen une politikoa historikoa da", adierazpenaren arabera. Aieteko Konferentzia eta bakearen alde Mexikon, 2013ko urriaren 17an, egindako bilera "funtsezkoak" izan direla dio adierazpenak.

Bestalde, Donostiako Konferentzian adostu zuten bost puntuko ebazpena (Aieteko Adierazpena) "egungo testuinguru politikoan balio handiko bide orri egokia" dela adierazi dute parte-hartzaileek.

"Elkarrizketa eta adiskidetzea" sustatzeko eskatu diete Uruguaiko ordezkariek ETAri, gobernuei, alderdi politikoei eta euskal gizarteari. "Presoen egoerari eta askatasunari heltzera animatzen ditugu", erantsi dute.

Armagabetzea

Gainera, Nazioarteko Harreman Taldeak eta Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak egindako lana goraipatu du Uruguaiko adierazpenak. "Desarme adostu, egiaztatu, antolatu eta kontrolatu batean inplikatzeko" eskatu diete parte-hartzaileek Espainiako eta Frantziako gobernuei.

"Atzerapenik gabe ekitea eskatzen duen garai politiko berrian gaude", azaldu dute. "Oztopoek eta aitzakiek ez dute balio", gaineratu dute. "Agertoki politiko berria finkatzea guztien lana da", esan dute.

Lokarrik, Uruguaiko Ordezkarien Ganberak, Euskal Erria Zentroak, Uruguaiko Unibertsitate Ikasleen Federakundeak eta Etxebizitza Kooperatiben Uruguaiko Federakundeak ekitaldia antolatu dute.

Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak, Anibal Pereyra Ordezkarien Ganberako presidenteak, Uruguaiko Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek, Lucia Topolansky senatariak eta Alberto Spektorowski Nazioarteko Harreman Taldeko kideak hitza hartu dute ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea