Politika -
Abdikazioa
Litekeena da ekainaren 19an izendatzea errege Felipe VI.a
Egun horretan hitzaldia emango du errege berriak, eta bere erregetzaren ingurukoak azalduko ditu.
Erredakzioa
Litekeena da ekainaren 19an izendatzea errege Felipe VI.a, Juan Carlos erregeak bere abdikazioa arautzen duen lege organikoa berretsi ostean, iturri ofizialak aipatuta Efe agentziak iragarri duenez. Europa Pressek ere ekainaren 19an kokatzen du Felipe printzea errege aldarrikatzeko eguna, iturri politikoak aipatuta.
Edonola ere, Erregearen Etxeak eta Parlamentuak oraindik ez dute baieztatu izendapena zein legea onartzeko data. Zarzuelak argitu duenez, abdikazio legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera izango da errege Felipe Borboikoa.
Desfile militarra
Gorteetako saioan, errege berriak hitzaldia emango du, eta bertan iragarriko ditu erregetzarako asmoak. Felipe VI.a errege berria izendatu ondoren, Gorteen atarian desfile militar bat egongo dela jakinarazi dute. 1975. urtean Juan Carlos I.a koroatu ostean elizkizuna egin bazen ere, oraingoan ez da halakorik egongo.
Zeremonia honen xehetasunak oraindik ez daude itxita, baina Errege Etxearen arabera, Juan Carlos I.ak erabili zuen formularen antzeko bat erabiliko du haren semeak.
Agenda
Ondoren, uztailean eta abuztuan, bidaia egingo du errege berriak, estatuan zein atzerrian, Zarzuelako iturriek adierazi dutenez.
Felipe VI.ak eta Leonorrek ez dute elkarrekin bidaia egingo
Leonor infanta automatikoki izango da Asturiasko printzesa, eta, hala, segurtasun arrazoiak tarteko, aita-alabak ez lukete elkarrekin bidaiatu beharko, Zarzuelako bozeramaileak azaldu duenez. Hala ere, idatzi gabeko araua dela gogoratu du.