Politika -
Eusko Legebiltzarra
Presoen sakabanaketa eteteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
ETAko presoen sakabanaketa eteteko eskatu dute EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, "giza eskubideak urratu" egiten dituela iritzita.
Erredakzioa
Horrez gain, EAJk eta EH Bilduk azpimarratu dute "giza betebehar bat" dela sakabanaketarekin amaitzea, eta horrek "bakea eta bizikidetza indartzeko" lagunduko lukeela gaineratu dute.
Onartutako testuan, legeak ez duela dispertsioarekin amaitzeko oztoporik aurreikusten nabarmendu dute. "Hori da euskal presoek, euren senideek eta euskal gizartearen gehiengoak adierazitako borondatea", gehitu dute.
Julen Arzuaga EH Bilduko bozeramaileak esan du sakabanaketak ez duela legedian "sostengurik" eta "oinarrizko eskubideen zapalketa" dakarrela.
"25 urteren ondoren, sakabanaketa politikarekin amaitzeko unea iritsi da. Unerik egokiena da, eta egoera luzatzea txarragoa izan daiteke. Ez dago aitzakiarik, ezta arazo teknikorik ere, Zaballako espetxean nahikoa toki baitago", eskatu du.
EH Bilduk eraman du Legebiltzarrera dispertsioaren inguruko eztabaida. PSE-EEk, PPk eta UPyDk kontrako botoa eman dute, eta EAJk ekimena babestu du. Jeltzaleen izenean, Joseba Egibarrek esan du ETAren jardueraren amaiera sakabanaketarekin amaitzeko "arrazoi nahikoa" dela.
EAJk ez duela inoiz espetxe politikaren baitan "eskubide murrizketarik onartu" azpimarratu du Egibarrek. Horren harian, espetxe politika "egoera berriari" egokitzeko eskaera egin du jeltzaleak.
Sozialistek zuzenketa propioa aurkeztu eta defendatu dute, eta "adostutako espetxe politika dinamiko eta malguaren" alde egin du. Presoei banan-banan "ETArekin harremana apurtzeko" eskatu diete sozialistek, dispertsioarekin ahalik eta lasterren amaitzeko. Rodolfo Aresek esan du presoen "etorkizuna" presoen eskuetan dagoela.
Borja Semper popularrak, bestalde, dispertsioa ETArekin jaio eta ETArekin hilko dela azpimarratu du. "Hortaz, sakabanaketa mantentzen duena ETA da". Sakabanaketaren diseinuan parte hartu ez bazuen ere, EAJk neurri horri "esku-zartada politikoa" eman ziola gogoratu du Semperrek. Giza eskubideei buruz hitz egiterako orduan "apaltasuna" eskatu dio EH Bilduri.
Eztabaida berri honekin, Eusko Legebiltzarrean espetxe politikaren inguruan 200 ekimenetik gora bozkatu dituztela adierazi du EH Bilduk.
Etxeraten agerraldia
Etxerat presoen senideen elkarteak agerraldia egin du Legebiltzarrean, eztabaida amaitu eta berehala. Onartutako testuarekin pozik daudela adierazi dute, baina "oraindik ere" sakabanaketa politika "krudela" babesten duten alderdien "jarrera larria" salatu dute.
Rafa Isasi elkarteko bozeramailearen ustez, "iraingarria" da gaur egun dispertsioa babesten duen alderdirik egotea, bakea lortzen eta gatazkari konponbidea ematen ez duelako laguntzen, eta ez datorrelako bat egungo egoera politikoarekin.