Politika -
Ekainak 8
Ahal Dugu alderdiak Gure Esku Dagok deitutako giza katea babestu du
Pablo Iglesias buru duen alderdiaren esanetan, "erabakitzeko eskubidea ez da nazionalisten edo abertzaleen aldarrikapen bat". Bestalde, Ortuzar eta Egibar giza katean egongo dira.
Erredakzioa
Gure Esku Dago plataformak deituta erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an Iruñea eta Durango artean egingo den giza katean parte hartuko du Ahal Dugu alderdiak. Pablo Iglesias buru duen alderdiak giza katea babestu du eta bertan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
"Herriek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea ez da abertzaleen edo nazionalisten aldarrikapen bat, aldarrikapen demokratiko bat baizik", azaldu du Ahal Dugu alderdiak ohar batean.
Ahal Duguren esanetan, "Europako herriek estatu izateko duten eskubidea" beren programan jasota dago, "modu parte-hartzailean eta taldean eginda dagoen programan".
"Gaur egun herritarrek eskubide sozialak eta demokrazia sakonagoa eskatzen dituzte, eta eskari horien aurrean egungo sistema politikoa, 78ko erregimena, txiki gelditu da, dagoeneko ez du balio", gaineratu du.
Bigarren trantsizioa eta prozesu konstituziogilea martxan jartzearen alde agertu da Ahal Dugu alderdia. Halaber, eskubide sozialetan eta demokrazian sakondu behar dela uste dute Ahal Duguko kideek, herritarrek monarkiaren eta errepublikaren artean erabaki edota herriek beren etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezaten, esaterako.
Gure Esku Dagoren ekimenak eta Ahal Dugu alderdiak hainbat puntu komunean dituztela adierazi dute, izan ere, "politika hitz larriekin egitea erabaki duten herritarrak dira, eskubide demokratiko baten inguruan adostasuna bilatzen duen politika garbia".
Ekainaren 8ko giza katea gizarte mugimendu baten hasiera izatea espero du Pablo Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak. Ahal Duguren iritziz, erabakitzeko eskubidea oso kontu garrantzitsua da politikarien esku uzteko, eta, hori dela eta, herritarren parte-hartzeak duen garrantzia nabarmendu du.
Egibarrek eta Ortuzarrek giza katean parte hartuko dutela baieztatu dute
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak ekainaren 8ko giza katean parte hartuko dutela iragarri dute.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, ekimenaren "aitatasuna" herri mugimendu bati dagokiola nabarmendu du Egibarrek, eta, beraz, alderdiak hortik kanpo gelditzen direla.
Hainbat jeltzalek giza katean parte hartuko badute ere, alderdi barruan agindurik ez dela eman nabarmendu du Egibarrek.