Politika -

Erregearen abdikazioa

Egibar: 'Abdikazioa ez da gure kontua, ez dira gure erregeak'

Aita eta semea "militarrez jantzita" ikusi zituela nabarmendu du Egibarrek, eta "hori ez da gure eredua". "Militarrez janzteko ohitura handia daukate", gaineratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidenteak esanetan, Juan Carlos I.aren abdikazioa eta Felipe printzea Espainiako errege izendatzea "ez dira jeltzaleen kontuak"; izan ere, "ez dira gure erregeak, ez orain ezta etorkizunean ere".

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, monarkia edo errepublika aukeratzeko balizko erreferendum bati buruz ere aritu da Egibar. EAJk ez duela galdeketarik defendatuko azpimarratu du, Euskal Herrian "alde batetik monarkia daukagulako eta, bestetik, Iparraldeko hiru lurraldeetan, errepublika".

"Gaia aztertu ondoren, gure kontua ez dela erabaki dugu. Ez dira gure erregeak, ez orain ezta etorkizunean ere, eta datorrena datorrela, ez dugu bozketa horretan parte hartuko. Hortaz, abstenitu egingo gara. Horrez gain, aita eta semea militarrez jantzita ikusi nituen atzo, eta hori ez da gure Estatu eredua, ezta gutxiago ere. Militar jantziak janzteko ohitura handia daukate batak zein besteak", adierazi du.

Bestalde, Felipe errege izendatzeak "ez ditu gauzak gehiegi aldatuko", nabarmendu du. "Aitak lekukoa igorriko dio semeari, koroa buru batetik bestera igaroko da, eta biak militarrez jantzita".

Bestalde, Durango eta Iruñea batuko dituen giza katean parte hartuko duela iragarri du Egibarrek, Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin batera. Hala ere, jeltzaleek ez dute "kontsignarik" eman Gure Esku Dago ekimenaren inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Non dago errege emeritua gaur?