Politika -

Lege proiektua

Eskualdeak 14ra murriztu nahi ditu Hollandek, Akitania ukitu gabe

Manuel Valls Frantziako Estatuko lehen ministroak baztertu egin du eskualdeen mapari buruzko erreferenduma egitea.

François Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: Efe
François Hollande Frantziako presidentea.
22tik 14ra pasa dira Frantziako eskualdeak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Valls Frantziako Estatuko lehen ministroak François Hollande presidenteak diseinatu duen eskualdeen mapa berria aurkeztu du. Proposamen horren arabera, hainbat eskualdek bat egitea aurreikusten da, eskualde kopurua 22tik 14ra murrizteko.

Hala ere, Akitania (Euskal Herriko hiru lurralde hartzen dituena) bere horretan utziko luke, Bretainia, Ile de France, Nord Pas de Calais, Provenza Alpes Costa Azul, Pays de la Loire eta Korsika bezalaxe.

Goi Normandiak Behe Normandiarekin, Pikardiak Champagne-Ardennerekin, Lorenak Alsaziarekin, Poitou Charentesek Lemosinekin eta Zentroarekin, Borgoinak Frankoniarekin; Auverniak Rodano-Alpeekin eta Pirineo Erdialdeak Languedoc-Rosellonekin bat egitea aurreikusten du lege proiektuak.

Lehen ministroak aurreratu duenez, eskualdeen mapa erreformatzeko lege proiektua ekainaren 18ko Ministroen Kontseiluan onartuko dute, eta gero Senatura eta Asanblada Nazionalera eramango dute, uztailean.

Erreferendumik ez

Bestalde, Vallsek baztertu egin du eskualdeen mapa eguneratzeko erreferenduma deitzea, François Hollande presidentearen inguruko galdeketa batean bihurtuko litzatekeela iritzita.

Helburua "ekonomia alorrean indartsuagoak izango diren eskualdeak" edukitzea izango omen da, baina oinarria "herrialdearen, nazioaren, Errepublikaren batasunari eustea" omen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea