Politika -

Legebiltzarra

Osakidetzan lanpostuak 'galtzen' ari direla salatu dute sindikatuek

Euskal Osasun Zerbitzuan "lan-erregulazio txosten formala" egiten ari direla, eta, ondorioz, euskal osasun sistema "hondatzen" ari dela esan dute.

Donostiako Ospitalea. EiTB
Donostiako Ospitalea
Donostiako Ospitalea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, SATSE, SME, CC.OO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetzan dituzten ordezkariek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, Osakidetzan lanpostuak "galtzen" ari direla salatzeko. Euskal Osasun Zerbitzuan "lan-erregulazio txosten formala" egiten ari direla, eta, ondorioz, aurten, 2012. urtearekin alderatuta, 3.400 kontratu murriztu dituztela eta "minilanak zabaltzen" ari direla salatu dute.

Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordeak sei orduz izan ditu agerraldi hauek, Rebeca Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak eskatuta. Sindikatuek Osakidetzaren inguruan dituzten ikuspuntuak, erronkak eta helburuak azaldu dituzte bertan.

Peio Igeregi ELAk Osakidetzan duen ordezkariak esan duenez, Osakidetzan langabezia-tasak % 2,55 egin du gora, errefortzu postuak kenduta eta lanaldiak gehituta. Horren hitzetan, 2013an lanaldi osoko 36.000 kontratu egin ziren, eta, aurten, 2.000 kontratu gutxiago daude, lanaldia luzatu izanaren ondorioz, horren ustez. Horren haritik, gaur egun, Osakidetzan ordezkapenak "ezohikoak" direla azaldu du.

Egungo enplegua "ezegonkorra" dela salatu du, eta 2012tik 2013ra lanaldi osoko 2.000 kontratu gutxiago daudela, eta lanaldi erdiko kontratuak neurri berean hazi dira. "Ez dira oso zenbaki esanguratsuak, baina joera bat erakusten dutela uste dugu", adierazi du.

Osakidetzak ez duela lanposturik suntsitu esan du

Jon Etxeberria Osakidetzako idazkari nagusiak astelehen honetan Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin duten sindikatuei azaldu dienez, "beste erkidego eta herrialde batzuetan osasun sistema publikoak zalantzan jartzen diren bitartean", Osakidetzak "hobetzearen alde egiten" jarraitzen du; "geuk (lanpostuak) mantendu egiten ditugu, ez suntsitu", azpimarratu du.

Ohar batean, Etxeberriak esan du euskal osasun sistemak profesionalen plantilla estrukturala duela, 25.816 langilekoa, Eusko Jaurlaritzak ezarrita, eta "ez da inoiz aldatu". Osakidetza "Euskadiko enpresarik handiena da, eta emakume gehien kontratatzen dituen enpresa, langileen % 70 emakumeak direlako", esan du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea