Politika -
Adierazpen instituzionala
Espainiako erregeak Koroari uko egin dio
Juan Carlos I.a erregeak erregetza semeari uzteko prozesua abiatuko duela iragarri du Mariano Rajoyk Moncloa Jauregian egindako ezohiko agerraldian.
G. Palacios | eitb.com
Juan Carlos I.a Espainiako erregeak Koroari uko egingo dio Felipe Asturiasko printzearen mesedetan. Hala iragarri du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur goizean Moncloa Jauregian egindako ezohiko agerraldian.
Eguerdian, berriz, Juan Carlos I.enak telebista bidez emititu den adierazpen instituzionala egin du Zarzuela Jauregian bere erabakiaren xehetasunak azaltzeko. "Aro berri bati hasiera emateko garaia iritsi delako" egin diola uko Koroari nabarmendu du.
Rajoyk ezohiko Gobernu bilera deitu du astearte honetarako, erregearen abdikazio prozesua abiatzea ahalbidetuko duen Lege Organikoa onartzeko, Konstituzioaren 57.5 artikuluak zehazten duen moduan.
Erregearen erabakiak aurreikusita ez dagoen eta Espainian demokrazia ezarri zenetik aurrekaririk ez duen egoera sortu du. Areago, gai honen inguruan Konstituzioak berak dioenaren inguruan ere interpretazio ezberdinak egin dituzte adituek. Nolanahi ere, Rajoyk argi adierazi du abdikazio prozesua 57.5 artikuluaren arabera egingo dutela.
Konstituzioaren 57. artikuluak ondokoa dio, hitzez hitz:
"Espainiako Koroaren oinordekoak izango dira Borbongo don Juan Carlos I maiestate horren ondorengoak, hura baita dinastia historikoaren jaraunsle legitimoa. Tronu-oinordetzak premutasun eta ordezkaritzaren inguruko hurrenkera erregularra beteko du, eta aurreko lerroak lehentasuna izango du beti gerokoei begira; lerro berean, hurbilekoak lehentasuna izango du urrunekoari begira; gradu berean, gizonezkoak emakumezkoari begira; eta, sexu berean, zaharrenak gazteenari begira."
"Printze oinordekoak, jaiotzatik bertatik edo deia eragin duen egitate horretatik, Asturiasko Printzearen tratamendua izango du, bai eta Espainiako Koroaren ondorengoari tradizioz loturik dauden gainerako tituluak ere."
Rajoyren agerraldia
"Erregea konbentzituta dago Estatuko buruzagitza uzteko unerik egokiena dela eta kargu aldaketa hori normaltasunez gauzatuko dela", azaldu du Rajoyk.
"Erregetzan izan den 39 urteetan espainiarren topagune izan da, elkarbizitzaren, bakearen eta askatasunaren ikurra", erantsi du.
Horrez gain, "demokraziaren bultzatzaile nagusia" izan zela ere adierazi du. "Espainiako Erreinuaren bozeramaile eta irudi onena izan da munduan, eta Espainiaren interesak eta espainiarren ongizatea defendatu ditu beti", erantsi du.
(Juan Carlos I.ak Koroari uko egiteko agiria sinatu duen unea. Argazkia: EFE )
Bestalde, Rajoyk erabateko konfiantza agertu dio Asturiasko Printzeari eta errege izateko prestatuta dagoela nabarmendu du. "Azken 20 urteotan beharrezkoa den esperientzia hartu du, eta bere trebakuntza eta irudia kontuan izanda, errege izateko prest dago; kargu horrek eskatzen duen maila emango du", esan du.
Gauzak horrela, abdikazio prozesua "normaltasun osoz eta oreka instituzionala bermatuta" egingo dela adierazi du.
39 urtez Erregetzan
Erregeak joan den urtarrilean hartu zuen koroari uko egiteko erabakia. "Gogoeta sakon baten ondorioz" hartutako erabakia dela zehaztu du Errege-etxeak.
Mariano Rajoyk eta Alfredo Perez Rubalcabak martxoan jakin zuten Juan Carlos I.ak Koroari uko egiteko erabakia hartu zuela.
Juan Carlos I.ak 76 urte ditu eta 1975eko azaroaren 22an izendatu zuten Espainiako errege.
Felipe Borbondarrak (46 urte) 1977ko urtarrilean hartu zuen ofizialki Asturiasko Printze kargua. Felipe VI.a izena hartuko du.
(Erregearen abdikazioaren agiria. Argazkia: EFE)