Politika -
Buruzagi sozialistaren arabera
Rubalcabak eta Rajoyk proposamen bat adostea eskatu zuen Masek urrian
"Ez da Estatuaren arazo bat bakarrik; ez zait hori balio. Hirurak eseri eta akordio batera heldu behar gara. Hori da egin beharrekoa", adierazi du PSOEko idazkari nagusiak.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako presidenteak Estatuaren eskaintza baten zain egoterik ez duela esan du gaur Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruzagiak. Konponbidea elkarrizketan eta negoziazioan aurkituko dutela uste du Rubalcabak. Kataluniako eta Espainiako gobernuek eta PSOEk negoziazioan parte hartu behar dutela erantsi du.
"Ez da Estatuaren arazo bat bakarrik; ez zait hori balio. Hirurak eseri eta akordio batera heldu behar gara. Hori da egin beharrekoa", adierazi du Sitgeseko Ekonomia Zirkuluaren XXX. Bileran. Gainera, PSOEk Konstituzioaren erreforma federala proposatu zuela gogorarazi du.
Urrian, Generalitatean, bildu zirenean Masek Rajoyrekin akordio batera heltzea eskatu ziola jakitera eman du Rubalcabak, baina sozialistak arbuiatu egin zuen: "Ezin daiteke biren artean akordioa batera heldu, eta gero hirugarren bati proposatzea. Hirurak ados jarri behar gara".
PSOE, Rajoy eta Mas
Irtenbidea PSOE, Rajoy eta Masen arteko elkarrizketak ekarriko duela esan du Rubalcabak. Elkarrizketa "gutxienez hirukoa" izan behar dela azaldu du; izan ere, ez du inor bazterrean utzi nahi.
Gainera, Kataluniako herritarren "erabakitzeko eskubidea" Konstituzioaren erreforma federaletik (PSOEren proposamena) pasa behar dela adierazi du. Gainerako alderdiekin eta lurraldeekin adostu behar dutela zehaztu du.
Rubalcabaren hitzetan, sozialistek proposamenak egin dituzte, baina denborak konponduko duela uste du Rajoyren Gobernuak: "Ez du denborak konponduko (...) Arazoari aurre egin ezean, okerrera egingo du".