Politika -

Autodeterminazioa

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea babestu du Legebiltzarrak

Eskubide hori herritarrek aske eta demokratikoki estatus politikoa aukeratzeko boterean oinarritzen dela nabarmendu du.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia. EFE
Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarrak erabakitzeko eskubideari babesa berretsi dio

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak "Euskal Herriak autodeterminaziorako eskubidea" duela aitortu du ostegun honetan, EAJren eta EH Bilduren botoekin, eta "eskubide hori herritarrek aske eta demokratikoki estatus politikoa aukeratzeko boterean oinarritzen da", aldarrikatu du.

Euskal herritarrek "estatus politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala erabakitzeko eskubidea dute, marko politiko propioa izanda edota subiranotasuna beste herri batzuekin partekatuta", Legebiltzarrean onartutako proposamenean irakur daitekeenez.

EH Bilduk autodeterminazioaren inguruan aurkeztutako proposamena eztabaidatu dute gaurko osoko bilkuran. EAJk EH Bilduren ez legezko proposamena babestu du, eta PSE-EEk, PPk eta UPyDk, berriz, kontra bozkatu dute.

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak aitortu du Espainiako Konstituzioak ez duela jasotzen autodeterminazio eskubidea. Are gehiago, "nazionalitate terminoa asmatu zuten, Euskal Herria eta Katalunia nazioak direla onartuta, komeni ez zen atea irekitzeko aukeraren beldur zirelako". "Espainiak sekula ez gaitu nazio gisa onartutako, eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko trabak jarriko ditu", gaineratu du. Bestalde, Europako Parlamenturako hauteskundeetako emaitzek "Euskal Herriaren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde dagoela" erakusten dute.

Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak testuaren "aitatasuna" aldarrikatu du, eta osoko bilkurara mota horietako ebazpenak eramatea aurpegiratu dio EH Bilduri, gai horiek eztabaidatzeko tokia Autogobernuaren lantaldea dela argudiatuta.

Bestalde, PSE-EEk, PPk eta UPyDk proposamena errefusatu dute, autodeterminazio eskubidearen definizio juridikoa zalantzan jarri dute eta ponentziaren etorkizunaren inguruan galdegin dute, behin EAJk "EH Bilduren eskutik erabakitzeko eskubidea" babestuta.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak sozialisten proposamen federala onartzeko gonbita luzatu dio EAJri. Are gehiago, ordena baten barruan gai horiek eztabaidatzeko prest agertu da. Bestalde, gaia Autogobernuko lantaldera bidali beharrean "Egibar EH Bilduk proposatutako eztabaidara sartzea" deitoratu du.

Borja Semper legebiltzarkide popularrak adierazi duenez, autodeterminazio eskubidea ez dago ordenamentu juridikoan jasota. "Herritarrek beren arazoak konpontzeko lan egiteko eskatzen diete legebiltzarkideei eta ez antzinako eztabaidetan murgiltzeko", azaldu du.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak autodeterminazio eskubidea ukatu dio Euskal Herriari. Horren iritziz, Legebiltzarrak eskubide hori babesten badu ere "akordioak ez du inolako eragin praktikorik izango". Bestalde, lehendakariak autodeterminazio eskubidearen alde bozkatu izanak "ondorio politikoak" izan beharko lituzkeela gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea