Politika -
Krisia PSOE-n
Madinak hautagai izatea aztertuko du "militanteen boto zuzena bada"
Diputatuak adierazi du sozialistek "goi-mailako" kongresu federal bat behar dutela.
Eduardo Madina diputatu sozialistak adierazi du uztailean egingo den kongresuan PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkezteari buruzko gogoeta egingo duela "aukeraketa militanteen boto zuzenarekin egiten bada".
Kongresuko korridoreetan egin du iragarpena, eta sozialistek "goi-mailako" kongresu federal bat behar dutela nabarmendu du.
Madinak esan du hauteskunde primarioak egitearen aldekoa dela, baina Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren erabakia errespetatzen duela gaineratu du, hark idazkari nagusia hautatzeko kongresu federal bat deitzea erabaki ondoren.
Nolanahi ere, Rubalcabaren ondorengoa kongresu federal horretako delegatuek hautatu beharrean, militante guztiek hautatzea nahiko lukeela azaldu du, Galiziako Alderdi Sozialistak Batzorde Federalaren baimenarekin egin zuen legez.
"Militanteen parte-hartzea eta erabakiak uztartzeko" kongresu bat eskatu du Madinak; izan ere, "herritarrek igandean bidali ziguten mezua ulertu dugula erakutsi behar dugu, eta herri honi aurrera egiteko balioko dioten txostenak eta erabakiak jasoko dituen proiektu bat egin behar dugu", gaineratu du.
Horren ustez, "parte-hartzea eta gizartearentzako proposamena uztartzeak" PSOE "kongresu horretatik aurrera haztea eragingo du, ondoren primarioak egin eta hauteskunde orokorrak irabazteko".
Euskal diputatuak ez du hautagai izan litezkeen gainerakoekin hitz egin, baina Patxi Lopezekin bai izan da harremanetan, Lopezek ere PSE-EEren ezohiko biltzarra deitzeko erabakia hartu ondoren. Eta dagoeneko aurreratu dutenez, biltzar horretan boto zuzena baliatuko dute.