Politika -

Ustezko prebarikazioa

Sestaoko alkatea salatu dute, etorkinak ez erroldatzea egotzita

Salaketa zortzi pertsonak jarri dute, Bizkaiko Sos Arrazakeria elkartearen laguntzarekin. Erkorekak adierazi duenez, "hori ez da Bergararen estiloa".

Josu Bergara, Sestaoko alkatea. Argazkia: sestao.eaj-pnv.eu
Josu Bergara, Sestaoko alkatea. Argazkia: sestao.eaj-pnv.eu
SOS Arrazakeriak Sestaoko alkatea salatu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzi pertsonak, bost familia eta beste bi lagun, Sestaoko alkatearen aurkako salaketa bat jarri dute gaur Barakaldoko Auzitegian, etorkinak eta ijitoak ez erroldatzea, prebarikazioa edota neurri “baztertzaileak” hartzea egotzita. Bizkaiko Sos Arrazakeria elkartearen laguntzarekin jarri dute salaketa.

Sestaoko alkateari prebarikazioa eta arrazakeria egotzi diote, pertsona horiek, etorkinak izateagatik, ez erroldatzeagatik. Nekane Garcia Sos Arrazakeriako bozeramaileak azaldu duenez, afera 2012. urtean hasi zen eta, hasiera batean, Bergararekin konpontzen saiatu ziren. Alkateak bere horretan jarraitu zuenez, salatzaileek Arartekoarengana jo zuten. Horrek, alkateari eskatu zion pertsona horiek erroldan sartzeko, baina Bergarak ez zituen Arartekoaren gomendioak jarraitu eta, horrenbestez, bide administratiboarekin eta Estatuko Estatistika Institutuarekin saiatu ziren. Aurkeztutako salaketarekin batera, froga moduan, alkateak higiezinekin egindako bi bileratako audioak ere entregatu dituzte. Grabazio horietan, legea "egunero" hautsi egiten duela onartzen du Josu Bergarak. Hauek dira, hitzez-hitz, bere adierazpenak:

"Etorkinei ez diet Sestaora etortzea debekatuko, hori egitea ezinezkoa delako baina, gutxienez, inork nahi ez dituzten pertsonak ez daitezela Sestaon sartu!".

"Etorkinak ez etortzea ez dut esaten. Seguruenik jende on asko egongo da hona bizitzera, hipoteka ordaintzera edota bere gauzatxoak egitera etorri nahi duena. Baina, egin dezagun aukeraketa txiki bat eta, horretarako, koordinazioa beharko dugu".

"Kaka guztia Sestaora? Ez, ez, kada ez da gehiago Sestaora etorriko, bestela nik botako dut. Ni arduratuko naiz, ostiaka noski, baina bota egingo ditut. Noski, kaka ez du inork nahi, jendeak leku guztietatik botatzen dituelako. Herri guztietan, inork ez ditu ijitoak nahi".

Erkoreka, 'harrituta'

Gai horren inguruan, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan du berak Josu Bergara ezagutu egiten duela eta, horrenbestez, "argi" esan dezakeela "hori ez dela bere estiloa".

"Ez da bere estiloa gai politikoak edota jendearekin tratatzerako orduan", adierazi du.

Hala ere, nahiago izan du Bergarak hedabideen aurrean egingo dituen adierazpenei itxarotea, balorazio bat egin aurretik. "Seguruenik, bere jarrera argi eta garbi utziko du gizartearen aurrean", amaitu du.

Bestalde, Juan Maria Aburto Gizarte Gaietako sailburuak etorkinei eta ijitoei buruz Bergarak egindako adierazpenak "hitz desegokiak" izan direla adierazi du. Erroldatzeko eskumena udaletxeena dela gogoratu du Aburtok eta erroldatuta egoteak "gure babes sisteman sartzeko aukera" zabaltzen duela azpimarratu du. "Hori oso garrantzitsua da", Aburtoren ustez.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusiak esan du Bergararen hitzak "onartezinak eta xenofoboak" direla.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao albisteak