Politika -
Hauteskunde kanpaina
Atxilotu bat Katalunian, mitin baten ostean Montorori eraso egitearren
Manifestari batzuek eraso egin zioten atzo Ogasun ministroa eta Alicia Sanchez-Camacho PPren Kataluniako burua zeramatzan autoari.
Erredakzioa
Esquadra Mossoek pertsona bat atxilotu eta beste bi identifikatu dituzte PPk Vilanova i la Geltru herrian egindako mitin batean Cristobal Montoro Ogasun ministroa eta Alicia Sanchez-Camacho PPren Kataluniako burua zeramatzan autoari eraso egin ostean. Poliziak jakinarazi duenez, agintarien kontrako erasoa leporatzen diete hiruei.
Europako hauteskundeetarako ekitaldia egin du PPk udalerri kataluniarrean, eta amaieran, manifestari batzuek harriak eta botilak jaurti dituzte autoaren kontra, eta bidea itxi diete lorontziekin.
Bidea oztopatzen zuten lorontziak kendu arte, tentsio uneak bizi izan dira istiluen kontrako polizien eta manifestarien artean.
PPk iragarri du kexa formala aurkeztuko dutela Barne kontseilaritzan, Poliziaren dispositiboa "urriegia" zelakoan.