Politika -
Zigorra
Urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote YouTuben ETA goratzeagatik
Arlo penaleko salako lehen sekzioaren aburuz, Ander Albisu Maizek, 2006ko abendutik 2010eko otsailera bitartean, "herrill" izengoitipean, YouTubera hainbat bideoa igo zituela probatuta dago.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio Ander Albisu Maizi, YouTuben argitaratutako hainbat bideorekin terrorismoa goratzea egotzita. Irudietan armak eta mendian tiroka ari ziren kaputxadunak agertzen ziren eta "ETAren terroristei omenaldia" direla uste du Auzitegiak.
Arlo penaleko salako lehen sekzioaren epaiaren arabera, Ander Albisu Maizek, 2006ko abendutik 2010eko otsailera bitartean, "herrill" izengoitipean, YouTubera hainbat bideoa igo zituela probatuta dago.
Bideoak, "horietako askotan ETA goratzen zen", aldez aurretik grabatutako irudi batzuekin baina Albisuk berak eginak ziren eta "ETAri babesa ematen zioten".
2011ko ekainera arte, 1,2 milioi bisita jaso zituzten bideoek.
Albisuk azaldutakoaren arabera, Euskal Herriko musikarien lana "sustatzeko" helburua zuten bideoek. Manuela Fernandez de Prado, Javier Martinez Lazaro eta Nicolas Poveda epaileek, ordea, musika horren berri emateko irudi horiek erabiltzeko beharrik ez dagoela uste dute.