Politika -

Frankismo garaiko krimenak

Servinik fusilatu baten seme-alaben testigantza jaso du Gernikan

Julen eta Maria Luisa Kalzada neba-arrebek frankismo garaiko krimenak epaitzea eskatu dute, "nazismoarekin egin zen bezala". Servinik agerraldia egingo du, Donostian.

Servini epailea Gernikan, Kalzada neba-arrebak entzuten

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Servini de Cubria epaile argentinarra 10:00etan heldu da Gernikako Epaitegira, astearte honetan, tropa frankistek fusilatutako gizon baten seme-alaben testigantza jasotzeko.

Julen eta Maria Luisa Kalzada ordu berean heldu dira epaitegira frankismo garaiko krimenak ikertzen dituen epaileari testigantza emateko, Buenos Aireseko epaitegietan salatu baitzituzten.

Epaileak Kalzada neba-arreben testigantza jaso du bi orduz. Biok tropa frankistek Busturian, 1937an, fusilatutako gizon baten seme-alabak dira. Julen Kalzada abadea da, Zamoran preso egon zen eta "Burgosko prozesuan' epaitu zuten.

''Ondo joan da; oso ondo'', esan du epaileak saioa bukatuta; hala ere, ez du deklaraziorik egin nahi izan ''arazorik ez izateko, atzerrian egonda''. ''Baina oso ondo joan da", berretsi du. Euskadira egindako bisitan agenda ''beteta'' duela azpimarratu du argentinarrak baina, orain arte, emankorra izan dela gaineratu du. Hala, ''bereziki pozik'' agertu da astearte honetako jardunarekin. ''Deklarazioa jaso ahal izan dugu; aparta'', adierazi du.

Buenos Airesko 1 zenbakiko Auzitegi Kriminal eta Korrekzionaleko titularra da Servini, eta frankismo garaiko (1936ko uztailaren 18tik 1977ko ekainaren 17ra arte -lehenengo hauteskunde demokratikoak frankismoaren ondoren-) genozidio krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzen ari da.

"Nazismoarekin bezala, epaiketa"

Julen eta Maria Luisa Kalzada neba-arrebek frankismo garaiko krimenak epaitzea eskatu dute, "nazismoarekin egin zen bezala".

Maria Luisa Kalzadak Radio Euskadirik esan dionaren arabera, "urte horiek oso gogorrak izan ziren, gure etxean, beinepein; gure herrian (Busturia), hobeto esanda. Gauetik goizera, sei pertsona fusilatu zituzten, sei alargun eta 17 umezurtz utzita".

Halaber, Julen Kalzadak "pozik" dagoela adierazi du, "Nurenbergekoaren mailakoa ez bada ere, gure esku dagoen guztia egin behar dugu frankismoa zigortzeko edo, gutxienez, epaitzeko, nazismoarekin egin zen bezala".

Donostiara bisita

Julen eta Maria Luisa Kalzadarekin hitz egin ondoren, Jose María Gorroño Gernikako alkatearekin izan da. Ondoren, Donostiara jo du Servinik eta, bertan, Juan Karlos Izagirre hiriburu gipuzkoarreko alkatearekin batzartzea zuen agendan, Frankismoaren Krimenen kontrako Euskal Plataformak jakinarazi duenez.

Ondoren, Servinik agerraldia egingo du hedabideen aurrean, Donostiako udaletxean. 18:00etan zegoen aurreikusita, baina atzeratu egingo da.

Eusko Jaurlaritzak lagunduko du

Eusko Jaurlaritza bat dator Maria Servini epailearekin eta frankismo garaian egindako krimenak "argitu, egia azaleratu dadin" eskatu du. Hori dela eta, kolaboratzeko eta laguntzeko prestutasuna agertu dio Iñigo Urkulluren Gobernuak epaileari.

Gasteizen, Gobernu Bileraren ondoren egindako prentsaurreko batean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaleak esan duenez, Jaurlaritzak ez momentuz "harremanik" izan epailearekin "berak ez duelako eskatu".

Edonola ere, Erkorekak zehaztu duenez, Jaurlaritzak kolaboratzeko eta laguntzeko prestutasuna agertu dio, helburuak lortzeko".

Felix Padinekin solasaldia

Astelehenean, epailea Miranda de Ebroko (Burgos) ospitalera joan zen, bertan Felix Padin miliziano anarkista bilbotarra baitago. Padin zenbait kontzentrazio eremutan izan zen, baina epaileak ezin izan zuen haren testigantza jaso, eskabidea epaitegietara heldu ez zelako. Halere, elkarrizketa bat izan zuten eta "buru argiko" gizona dela adierazi zuen. Padin ospitalean dago, barneko odol isuria izan duelako.

Gernikan testigantzak jaso eta gero, epailea Jose Maria Gorroño alkatearekin bildu eta geroago Donostiara joango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea