Politika -

Eusko Legebiltzarra

Ezeizabarrenak eta Monterok hasiko dute autogobernuaren lantaldea

Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariak, eta Jose Ramon Rekalde eta Joseba Arregi sailburu ohiak eta Arnaldo Otegi ere deituta daude, besteak beste.

Manu Montero, unibertsitateko irakaslea. Efe.
Manu Montero, unibertsitateko irakaslea. Efe.
Manu Montero, unibertsitateko irakaslea. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Ezeizabarren eta Manu Montero unibertsitateko irakasleek emango diote hasiera maiatzaren 28an Autogobernuaren Eusko Legebiltzarreko Lantaldeari.

Hitz egiten lehena Xabier Ezeizabarrena izango da. Bere hitzaldia 9:00etarako aurreikusita dago, EAJk eskatuta.

Ezeizabarrena Administrazio Zuzenbideko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Zuzenbide Autonomikoa eta Ingurumenaren Zuzenbidea ere irakasten ditu Deustuko unibertsitatean. Gainera, UNESCOk emandako Giza Eskubideetako diploma du.

Manu Montero, aldiz, UPyDk eskatuta arituko da, 12:00etatik aurrera. Montero EHUko errektore ohia da, Gaur Egungo Historiako katedraduna EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazioko Fakultatean, eta Deustuko Unibertsitatean doktoretza atera zuen.

Legebiltzarrak ohar baten bidez aditzera eman duenez, ekainaren 11ko agerraldiak ere zehaztu egin dituzte.

Egun horretan Javier Maroto Gasteizko alkate eta PPko legebiltzarkideak hitz egingo du, alderdi popularrak berak eskatuta.

Bigarren agerraldia Koldo Saratxagarena izango da. Saratxaga irakaslea da EHUn, Deustun, Arrasaten eta Nafarroako Unibertsitatean, eta EH Bilduk eskatuta hitz egingo du.

Jone Berriozabal (EAJ) lantaldeko koordinatzaileak lanean jarraitzen du hurrengo agerraldietako datak eta alderdiek eskatutako adituen agerraldiak zehazteko.

Otegi, Ardanza eta Ibarretxe, besteak beste

Agerraldien artean Arnaldo Otegirena aurreikusita dago. Otegi Logroñoko kartzelan dago gaur egun talde terrorista baten kide izatea leporatuta. Legebiltzarrak beharrezko baimena eskatu du dagoeneko Otegik lantaldearen aurrean hitz egiteko.

Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariak, eta Jose Ramon Rekalde eta Joseba Arregi sailburu ohiak eta Fernando Savater filosofoa ere deituta daude, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea