Politika -
Interneten
Gobernuak legea indartzea aztertuko du, mehatxuei aurre egiteko
Espainiako Gobernuak hilketen goraipamena pertsegitzeko Zigor Kodea indartzea egokia den aztertuko du, nahiz eta Espainiako legeak gaur egun baduen erantzun bat delitu horiei aurre egiteko.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, Gobernuak irainak, mehatxuak eta hilketen goraipamena pertsegitzeko Zigor Kodea indartzea egokia den aztertuko du, nahiz eta delitu horientzat "Espainiako legeak gaur egun erantzun bat" ematen duen.
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, presidenteordeak jarrera mota horiek pertsegitzea indartzeko aukerari buruzko lau galderari erantzun die, Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentea hil ostean sare sozialetan argitaratu diren irain, mehatxu eta esaldien harira.
Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak 19 urteko bi gazte (bata Valentziakoa eta bestea Cadizkoa) inputatu dituzte, Carrascorekin eta politikariekin zerikusia duten kanta eta esaldi iraingarriak jartzeagatik Interneten.
Saenz de Santamariak aukera aprobetxatu du Leongo herriari bere jarrera, babesa eta elkartasuna eskertzeko, Carrascoren hilketaren ostean. Hilketa horrekin lotuta, bi emakume, ama-alabak, atxilotu dituzte.
Lehenengo erantzunean, presidenteordeak argi utzi nahi izan du Zigor Kordean "dagoeneko mekanismo legalak eta judizialak daudela jarrera horri erantzuteko", delituak non egiten diren kontuan hartu gabe.
"Delituak dira, dagoeneko zigortuta daude, eta araudia aplikatzea izango litzateke", nabarmendu du Saenz de Santamariak.
"Mundu 'errealean' onargarria ez dena, birtualean ere ez"
Espainiako Gobernuaren ustez, segurtasun indarren eta auzitegien eskutik "jatorri horretako delituen aurrean erantzuteko oinarria dago, larriak direlako eta zigorra merezi dutelako", azpimarratu du.
Hala eta guztiz ere, Gobernuak legezko testuinguruan indartzeko aukera aztertuko du, eta, hala erabakiz gero, tresnetako bat Zigor Kodearen erreforma izango litzateke. Gorteetan idazten ari dira, alderdi guztiekin, eta ahalik eta babes handienarekin.