Politika -
Frankismoaren biktimak
Frankismoan fusilatutakoak omenduko ditu Donostiak maiatzaren 31n
Fusilatu zituzten pertsonen senideei harrera egingo die Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak udaletxean bertan, eta gero 'Dual' eskultura estalgabetuko dute.
Erredakzioa
Donostiako Udalak Frankismo garaian fusilatutako pertsonak omenduko ditu maiatzaren 31n egingo den ekitaldi batean. Udaletxean bertan, Juan Karlos Izagirre alkateak harrera egingo die fusilatuen senideei, eta ondoren fusilatuen omenezko "Dual" eskultura estalgabetuko dute hiriaren erdiguneko plaza batean.
Maiatzaren 31ko omenaldiaren helburuak Frankismoaren biktimak gogoratzea eta "merezi duten aitorpena ematea" dira, Donostiako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez.
Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan, biktimen senideez eta Udaleko ordezkariez gain, memoria historikoa berreskuratzearen alde lan egiten duten elkarteetako ordezkariak ere elkartuko dira.
Udalak igorritako informazioaren arabera, omenaldia musika ekitaldi labur batekin hasiko da, eta, segidan, frankismoko ikus-entzunezko bat proiektatuko dute. Udaletxetik atera eta Goikoa Jauregiaren parean dagoen plazara joango dira gero, eta bertan "Dual" eskultura estalgabetuko dute.