Politika -
Katalunia
Masek kontsulta onartzea eskatu du, gatazka handiagoak saihesteko
Kataluniako presidenteak azpimarratu du Katalunia Estatuan kokatzeko arazoari "irtenbide faltsurik ez emateko" garaia dela.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako presidenteak kontsulta deitzeko legearen izapideak "ez oztopatzeko" eskatu dio Espainiako Estatuari "gatazka handiagoak" saihesteko, eta azpimarratu du Katalunia Estatutan kokatzeko arazoari "irtenbide faltsurik ez emateko" garaia dela.
Masek Ser irrati-katean adierazi duenez, beharrezkoa da kataluniarrek etorkizunerako duten borondate politikoa bozketa baten bidez ezagutzea, nahiz eta Estatuak proposamenen bat egin.
"Hori da aurretiazko baldintza. Egoera honetan, hala egiten ez badugu, irtenbide faltsua emango diogu beste behin, eta baliteke irtenbide faltsurik ez emateko garaian egotea, eta agian denoi komeni zaigu. 78an irtenbide faltsua eman zitzaion, eta orain agerian geratu da hori", gaineratu du Masek.
Buruzagi kataluniarrak jakinarazi du ahal duen "guzti-guztia" egingo duela onartu nahi duten kontsulten legearen bitartez kontsulta deitzeko, baina Estatuari "ez oztopatzeko" eskatu dio.
"Legearen barruan egin nahi dut. Bestela, beste aukera bat utziko digute, hauteskundeen (plebiszitarioak) aukera soilik geratuko zaigu, baina ea ohartzen diren askoz hobeto dela Kataluniako legearekin kontsulta deitzea, gatazka handiagoa sortuko lukeen hauteskunde batzuen esku uztea baino", adierazi du Masek, kontsulta galarazten badute hurrengo pausoak ERCrekin eta ICV-EUiArekin adostu beharko lituzkeela azaldu aurretik.
Espainiako Gobernuak Konstituzioa jarri ohi du kontsulta ez onartzeko arrazoi gisa, baina Masek dio Konstituzioa ezin dela erabili "kataluniarren borondatea zapaltzeko martimuilo bezala", eta "eszeptiko" agertu da PSOEk proposatzen duen Konstituzio erreformaren inguruan.
Horren harira, konstituzio erreforma PPk eta PSOEk elkarrekin proposatuko balute emango omen lioke sinesgarritasuna, eta biek onartuko balute horren inguruko erreferenduma egitea eta bertan azaroaren 9ko kontsultako galderak sartzea.