Politika -
Sare sozialetan
'Gorrotoaren apologia' egiten duten mezuak zigortu nahi ditu Gobernuak
Kongresuan, Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hilketaren ondoren sare sozialetan agertu ziren mezu “iraingarriei” buruz aritu da Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa.
Erredakzioa
Espainiako Barne eta Justizia Sailak elkarlanean arituko dira sare sozialetan “gorrotoa sustatu eta delituaren apologia” egiten duten mezuei “amaiera ipintzeko”, beti ere “adierazpen askatasuna errespetatuz”.
Kongresuan, Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hilketaren ondoren sare sozialetan agertu ziren mezu “iraingarriei” buruz aritu da Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. Delitu horiek zigortzeko neurri berriak adostea nahi dute Justizia eta Barne Sailak.
“Delitua eta gorrotoa sustatzen duten” mezuak “delitu moduan” ikusi behar direla adierazi du Fernandez Diazek, eta horrenbestez, “jazarri” egin behar direla gaineratu du. Ez du baztertzen legea “berrindartzea” delitu horiek zigortu ahal izateko.
“Egungo legeekin nahikoa ez bada, beste neurri batzuk martxan jartzea aztertuko dugu. Adierazpen askatasuna eta informaziorako eskubidea ohore eta segurtasun eskubidearekin uztartu behar ditugu”, berretsi du. Fiskaltzak sare sozialetan agertu diren mezu horiek ikertuko dituen ez dakiela adierazi du Fernandez Diazek, baina “terrorismoaren apologia egiteagatik” orain aste gutxi egindako operazioa gogora ekarri du. Operazio horretan, Poliziak 21 pertsona atxilotu zituen.
Bestalde, Isabel Carrascoren gorpua “oraindik lurrean” zegoen bitartean “sare sozialetan mezu nazkagarriak” idatzi zirela azpimarratu du.