Politika -
Carrascoren heriotza
Barne Ministerioa mezu iraingarriak ikertzen ari da heriotzaren ostean
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren ustez, sare sozialetan argitaratutako esaldi batzuk "lotsagarriak" dira, Leongo Diputazioko presidentearen heriotzaren harira.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak azaldu duenez, ikerketa bat abiarazi dute Interneten mezu iraingarriak ikertzeko, ea delitu diren ala ez zehazteko, Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen heriotzaren ostean.
Ministroak adierazpen horiek egin dizkie komunikabideei, Guardia Zibilaren fundazioaren 170. urteurrenaren ekitaldiko buru izan ostean. Bertan, sare sozialetan argitaratutako esaldi batzuk "lotsagarriak" direla azaldu du, Leongo Diputazioko presidentearen heriotzaren harira.
Fernandez Diazek hilketa "ikaragarria" gaitzetsi du, eta kasua sumario-sekretupean dagoela esan du, beraz, ikerketari buruzko ezer ezin duela esan gaineratu du.
Mezuen hedapenaren berri izan bezain laster, horien egileak zeintzuk izan ziren ikertzea agindu zuela nabarmendu du, "zigorrik gabe" ez geratzeko asmoz.
Mezu "iraingarriak eta kalumniazkoak" sare sozialetan zabaltzen hasi ziren, besteak beste, Twitterren, "Isabel Carrasco erori eta gutxi barru".
"Begi bistakoa da delituaren apologia eta gorrotoa sustatzen duten neurrian Zigor Kodean irudikatuta dauden jarrerak direla", azpimarratu du.