Politika -

'Thierry'rekin atxilotuak

Ozaetak, Suberbiolak eta Salaberriak 'Thierry' goraipatu dute

Hiru akusatuek ETAko buruzagi ohiari omenaldia egin nahi izan diote epaimahaiaren aurrean. Lopez Peñaren desagerpenean Frantziak jokatutako papera salatu dute hirurek.

ETAko ustezko buruzagien kontrako epaiketa Parisen

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parisko Krimen Gaietarako Auzitegiak abiarazi du dagoeneko Ainhoa Ozaeta, Igor Suberbiola eta Jon Salaberriaren kontrako epaiketa; lehenengo biei ETAko agintari izatea leporatuta, iaz hil zen Xabier Lopez Peña Thierry-ri (haiekin batera atxilotu zuten) bezala.

Hiru akusatuek, eta Ainhoa Ozaeta Kuraia Thierry-ren bikotekideak batez ere, ETAko buruzagi ohiari omenaldia egin nahi izan diote epaimahaiaren aurrean. Horrela, laudorioak eta salaketak uztartu dituzte. Lopez Peñaren desagerpenean Frantziak jokatutako papera salatu dute hirurek.

2008ko maiatzaren 20an, Bordelen, atxilotu zituztenean Lopez Peña eurekin "borrokan" ari zela adierazi du Ozaetak. Ozaetaren hitzetan, Thierry "iraultzailea" eta "uste sendoko" gizona zen. Akusatuen aulkian eserita egongo balitz, ETAn "militantzia onartuko" zukeela azaldu du Ozaetak, hirurok egin bezala.

39 urteko emakumeak salatu duenez, Thierry-ren heriotza "Frantziako espetxeetako arduradunen erantzukizuna izan zen".

Era berean, Lopez Peñaren heriotza salatu du Igor Suberbiola Zumalde (35 urte) Kartxi-k. Frantziak "Espainiako Estatuaren politika errepresibo bera" aplikatzen duela salatu du Suberbiolak.

Jon Salaberria Sansieneak (44 urte) euskaraz hitz egin du eta laburrago mintzatu da.

Txostena

Jacqueline Audaz Auzitegiko presidenteak Ainhoa Ozaeta, Igor Suberbiola eta Jon Salaberria inputatzeko sumarioa laburtzen duen txostena irakurri du epaiketan, lehenik eta behin.

Presidenteak haiei leporatu dizkieten delituen zerrenda irakurri du; delituen artean nabarmenena da ETAko agintari izatea. Ozaeta eta Suberbiolari egotzi diete delitu hori eta 20 urteko kartzelaldia da zigorra, astungarririk ez badago.

Ozaeta Mendikutek (39 urte), Suberbiola Zumaldek (35) eta Salaberria Sansineneak (44) bost asteko epaiketa dute aurretik, Louis Fort (81 urte) erretiroa hartu duen irakasle frantziarrarekin batera; Fort aske dago, Bordelen horiek erabiltzen zuten etxebizitza klandestinoa lortzeagatik inputatuta.

Thierry 2013ko martxoaren 30ean hil zen, 54 urte zituela, eta preso zegoela, bihotzeko arazoak tarteko. ETAko agintari izatea eta informazioa batzeko egituraren arduradun izatea egotzi zioten hari ere.

Sumarioa Bordelen zuten etxebizitza klandestinoan atzemandako agirietan oinarritu dute.

Orain epaitzen ari diren hirurak eta Lopez Peña aurretik ere epaitu dituzte Frantzian, eta baita zigortu ere, ETAko kide izateagatik.

Ozaetak 14 urteko zigorra jaso zuen iaz, eta oraingo epaiketan leporatu dizkioten hamar delituengatik jaso lezakeen zigorra ere gehitu beharko lioke aurreko zigorrari.

Suberbiolari, besteak beste, agintari lanak egitea egotzi diote. Bi urteko zigorra jaso zuen 2007an, eta 30 hilabeteko zigorra ezarri zioten 2011n.

Ekainaren 12ra arte luzatzea espero dute, egun horretan epaia jakinarazi beharko lukete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris gaur