Politika -
Desarmea
Urizarrek dio gobernuak ari direla atzeratzen ETAren desarmea
EAren idazkari nagusi eta Bilduren legebiltzarkidearen ustez, desarmatze prozesua "oztopatzen dute, badakitelako gero prozesu politikoa etorriko dela".
Erredakzioa
Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusi eta Bilduren legebiltzarkideak esan du ETAren desarmea "mantsoa eta zaila" izango dela, baina "iritsiko" dela, egoera "atzeraezina" delako.
Urizarren esanetan, desarmatzeko prozesua mantsotzearen errua Espainiako eta Frantziako gobernuena da, prozesua "egiaztatzeko" ardura hartu beharrean, "oztopatzen" ari direlako, "bai baitakite ondoren prozesu politikoa etorriko dela".
Urizarrek Forum Nueva Economiak antolatutako hitzaldian azaldu duenez, ETAk zentzu horretan emango dituen pauso guztiek "ez dute zertan publikoak" izan, IRArekin Ipar Irlandan gertatu zen moduan.
Presoei dagokienez, Espainiako eta Frantziako gobernuek eta ETAk osatuko luketen "mahai tekniko bat" proposatu du, kolektibo horrentzat "irtenbide demokratikoa" lortzeko.
"Sakabanaketaren bitartez eta gaixotasun larriak dituzten presoak ez askatzen, luzatu egin nahi dute Euskal Herriko normalizazio prozesua, eta irabazle eta galtzaile eskenatokia eraiki, gatazka gainditzeko eskenatokia bilatu beharrean", gaineratu du.
Subiranotasun proiektuak, erreferendumean
Bestalde, Urizarrek EAJren eta PSOEren subiranotasun ereduak erreferendumean bozkatzeko deia egin die EAJri eta PSOEri, EAk ere berdina egin nahi duelako independentzia aldarrikapenarekin, gizarteak "libreki eta mugarik gabe" erabaki dezan.
Horren harira, kritikatu egin du Iñigo Urkulluren subiranotasun proposamena, eskumenak exijituz "estatutismoa" defendatzen duelako, eta hori zaharkituta dagoela iritzi diolako.
Estatuarekin aldebiko harremana eduki nahi izatea ere gaitzetsi du, horrek Espainiako Gobernuaren "borondatea" eskatzen duelako, eta une honetan hori "kimera hutsa" delako, "ez baititu inoiz Euskal Herriaren eskubideak aitortu".
PSOEk aldarrikatzen duen eredu federalari dagokionez, "prozesu independentistak gelditzeko eta denak berdin jarraitzeko aldaketa" bat besterik ez dela iritzi dio.