Politika -

Donostia

EH Bilduk 150 neurri proposatu ditu Urkulluren 'gabeziaren' aurrean

Besteak beste, enplegu, osasun, burujabetza eta zerga sistema arloen gaineko proposamenak dira aurkeztutakoak.

Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute, koalizioaren ordezkariak. Irudia: EFE
Maribi Ugarteburu eta Oskar Matute, koalizioaren ordezkariak. Irudia: EFE
EH Bilduk langabeziari aurre egiteko 150 neurri aurkeztu ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu koalizioak 150 neurri proposatu ditu gaur, astelehena, Donostian,  enplegu, osasun, burujabetza eta zerga sistema arloen gainekoak, "pobreziari, langabeziari eta Iñigo Urkulluren Jaurlaritzaren gabeziei" aurre egiteko.

Oskar Matute eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko bozeramaleek agerraldia egin dute hiruburu gipuzkoarrean, Joseba Permach, Ikerne Badiola eta Pello Urizar kideekin batera. Salatu dute gezurretan ari direla enplegua sortzen eta ekonomia suspertzen hasi dela esatean eta, hori dela eta, "gero eta jende gutxiagok babesten du Urkulluren eredua".

Horri aurre egiteko, EH Bilduk 150 neurri biltzen dituen agiri bat aurkeztu du, hiru ardatz nagusitan egituratuta: burujabetza "lehenbailehen" aplikatzeko beharra "ahal den neurrian"; "murrizketen joerari utzi" eta harreman politiko, sozial eta ekonomikoen eredu berri bat ahalbidetzeko neurriak proposatu.

Koalizioak proposatutako neurrien artean, halaber, herri mailako garapena bultzatzea (esaterako, herrian enplegua sortzeko planak, herri mailako garapenerako agentzien mahia eratu, eta Jaurlaritzarekin hitzarmenak egitea); elikaduraren burujabetza; industria, berrikuntza (kooperatibek eta enpresa txikiek zorpetzeko aukera "malgua" izatea); politika industrial berria, non eragile sozialek eta ekonomikoek, eta sindikatuek parte hartuko luketen; denda txikiak sustatzeko neurriak eta osasun sistema publikoa "jasangarria, eragingarria, elkartasunekoa eta osoa" bermatzea jaso dute.

Gainera, "murrizketekin bukatuko duten" hezkuntza sistema berri baten alde egin du koalizioak, Etxebideko etxebizitzen esleipena -etxebizitza hutsik ez egoteko- egitea, energiarako sarbidea eskubide unibertsal bihurtzea, garraio publikoan neurriak hartzea, politika sozial berri bat garatzea, lan-harremanen euskal arlo berri bat egitea, eta sistema fiskalean ere neurriak hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu