Politika -
Ustezko ustelkeria
IATen konploteko eroskeriak ukatu ditu Oriol Pujolek (CiU)
"Botoa erabakitzeko sekula ez dut dirurik eskatu, ezta enpresaren bati mesede egiteko zuzenketak sartzeko ere, ez nik ezta CiUko alderdikideek ere", adierazi du diputatuak.
Erredakzioa
Industri segurtasunaren legean eragiteko IAT sarearen eroskeriarik kobratu ez duela esan du gaur Oriol Pujol CiUko diputatuak. Inputatuek onura ateratzeko bere izena erabili ahal izan zutela azaldu Pujolek, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
Pujolen deklarazioak ordu eta erdiko iraupena izan du. Eroskeria delitu bat leporatzen diote eta Kataluniako Auzitegi Nagusiko epailearen aurrean inputatu gisa deklaratu behar izan du. 2008an ustezko konplotaren komisioak jaso zituen ikertzen ari da epaimahaia, ondoren Kataluniako Parlamentuan zegoen industria segurtasunaren legea bozkatzeko garaian eragiteko.
"Botoa erabakitzeko sekula ez dut dirurik eskatu, ezta enpresaren bati mesede egiteko zuzenketak sartzeko ere, ez nik ezta CiUko alderdikideek ere", adierazi du Oriol Pujolek. Iaz 11 orduko deklarazioa egin zuen epailearen aurrean, IATen auzian eraginen trafikoa egotzita.
Ricard Puignou IATeko enpresaburua ezagutzen duenik ukatu du diputatuak. Fiskaltzaren arabera, Puignouk Pujoli komisioak ordaindu zizkion Sergi Alsina bere lagun minaren eta bere emaztearen elkarte baten bidez. CiUk trukean legeari zuzenketak aurkeztu behar zizkion konplotaren interesei mesede egiteko.