Politika -

Maiatzean hasiko dira

Ibarretxe, Lopez eta Otegi deituko dituzte autogobernuaren lantaldera

Orotara, 37 politikarik eta adituk parte hartuko dute aipatu lantaldean, maiatzaren 28tik udara bitartean.

Txosten ekonomikoak eskatu dituzte taldeek autogobernuaren lantaldean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Ardanza, Juan Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakari ohiak eta Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia Eusko Legebiltzarreko autogobernua berritzeko lantaldean parte-hartzera deituko dituzte, besteak beste.Orotara, 37 politikarik eta adituk parte hartuko dute aipatu lantaldean, maiatzaren 28tik udara bitartean.  Horrez gain, alderdi popularrak "independentziak izango lukeen kostua" zehazteko txostena eskatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari. Gaur, autogobernua berritzeko lantaldeari begira, taldeek proposatutako 34 agerraldi onartu dituzte. Beste hiru agerraldi ere aurreikusi dituzte, baina baieztatu gabe daude oraindik. Lantalde horretan hitz egingo duten adituen artean, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe edo Patxi Lopez lehendakari ohiak, Gasteizko alkatea, Arabako diputatu nagusia eta Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia daude. Azken honen parte-hartzea airean dago, Logroñoko espetxean preso jarraitzen baitu. Horrez gain, Zientza Politiko edota Ekonomikoetan adituak eta Katalunia, Eskozia edota Erresuma Batuko profesionalak ere deitu dituzte. Jone Berriozabal izango da lantaldeko arduraduna, eta maiatzaren 28tik aurrera egingo diren agerraldiak antolatuko ditu orain.

Erreakzio politikoak

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak esan du autogobernua berritzeko lantaldean "denetarik" eztabaidatuko dutela, "mugarik gabe". Independentziaz "zuzenean" hitz egin duen alderdi bakarra PP izan dela kritikatu du Egibarrek.

Independentziak izango lukeen kostuaren inguruan popularrek eskatutako txostena "pozik" hartu du Egibarrek. "Erabakitzeko eskubideaz mintzatuko gara independentziaz ari direnean?", galdetu du. "Nire ustez, hor ez dago mugarik", amaitu du.

Laura Mintegik (EH BIldu) gogor kritikatu ditu atzo lehendakariak esandako hitzak. Mintegiren ustez "oso larria" da autogobernuaren garapenaren inguruan atzo egindako adierazpenak.

EH Bilduk hiru txosten eskatu ditu: euskararen egoeraren ingurukoa, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Herriko gainerako erakundeen arteko harremanen ingurukoa eta Jaurlartzak Nafarroako eta Iparraldeko erakundeekin duen harremana aztertuko lukeen hirugarren txosten bat.

Borja Semper EAEko PPko bozeramaileak azaldu du bere taldeak Euskal Herriaren balizko independentzia batek izango lukeen kostuaren inguruko txostena eskatu duela. Horrez gain, Lan Ministerioari bigarren dokumentu bat eskatu dio, Euskadiko pentsio sistema propio baten inguruan.

Horrez gain, "herritarren arazo nagusiei" erantzuna ematen saiatuko direla gaineratu du PPk: "ekonomia, Europa, pentsioak...".

PSE-EEk ere minutu gutxi erabili ditu lantaldeaz hitz egiteko.

Izan ere, Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du, langabeen kopuruak gora egiten duen bitartean, "Gobernuak planak aurkeztu besterik ez du egiten".

Arnaldo Otegiren agerraldiaren aurka azaldu den bakarra Gorka Maneiro UPyDren bozeramailea izan da. Otegiren hitzaldia "biktimak iraintzea" ekarriko duela salatu du Maneirok.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak