Politika -

'Armiarma' operazioa

Ustez terrorismoa goratzeagatik atxilotutako 21 pertsonak, aske

Guardia Zibilak 21 pertsona atxilotu zituen astelehenean, sare sozialen eta Interneten bitartez terrorismoa goratzea leporatuta.

Atxiloketa baten irudia. EiTB
Atxiloketa baten irudia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak astelehenean terrorismoa goratzea leporatuta atxilotutako 21 pertsonak aske geratu dira, karguekin, agenteen aurrean deklaratu ostean.

Guardia Zibilak 21 pertsona atxilotu zituen atzo, horietatik 15 Euskal Herrian, sare sozialen eta Interneten bitartez terrorismoa goratzea leporatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan atxilotutako lagunez gain, beste bat atxilotu zuten Gaztela eta Leonen, beste bat Galizian, bi Asturiasen eta beste bi Katalunian. Atxilotuetako bi adingabeak dira, Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Operazioa irekita dago oraindik, eta ez dute pertsona gehiago atxilotzea baztertu.

Ikerketa iturriek jakitera eman dutenez, Armiarma operazioaren baitan, EAEn Guardia Zibilak gutxienez lau bizkaitar (horien artean bi adingabeak), arabar bat eta gipuzkoar bat atxilotu zituen.

Twitter eta Facebook sare sozialetan, profil publikoetan eta hainbat jarraitzaile dituzten orrialdeetan egindako adierazpenetan, oraindik aktibo dauden organizazio terroristek atentatuak egiten jarraitzeko nahia adierazten dute, Guardia Zibilaren iritzian.

Atentatuei egindako laudorioak

Sarearen bitarteaz atentatu batzuen inguruko laudorioak egiteaz gain, dagoeneko epaituta eta zigortuta dauden terroristak goratzeko adierazpenak eta aske utzitako preso terroristei ongietorriak egin izana egotzi diete ikerketaren arduradunek.

Iturri juridikoek Eferi jakinarazi diotenez, atxilotuei ETAren biktimen aurka adierazpen iraingarriak egitea ere leporatzen diete; Irene Villaren eta Fernando Trapero ETAk 2007an Frantzian hil zuen guardia zibilaren kontrakoak, esaterako.

Atxilotuek terrorismoa goratuz aireratu omen dituzten mezuak bildu ditu Guardia Zibilak, horren arabera. Honako hauek omen dira horietako batzuk: "Zuek hildakoak geure poza eta dibertsioa dira" edota "Pena bat da ETA ez izatea Irene Villa berria izateko".

Elkarren artean zerikusirik ez

Iturri berberek azaldu dutenez, atxilotuek ez dute euren artean zerikusirik, eta ETAren terrorismoa goratzeaz gain, batzuei jihada goratzea egotzi diete.

Atxilotuak Auzitegi Nazionalaren esku utzi, eta banan-banan tratatu dituzte; beraz, instrukzio-epaitegi batek baino gehiagok hartu diete deklarazioa.

Operazioa Guardia Zibilak bideratu du, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko 6. instrukzio-epaitegiko epailearen koordionaziopean. Lehenengo lanak "iruzkin horiek ez ezabatzeko frogak izoztea" izan dira.

Zigor Kodearen arabera, terrorismoa goratzeagatik bi urteko katzela-zigorra izatera iritsi daiteke.

Adierazpen askatasunaren aurkako eraso "lotsagarria", Sorturen ustez

Pernando Barrena Sortu koalizioaren bozeramailearen ustez,  adierazpen askatasunaren eraso "lotsagarria" da Espainian gutxienez 17 pertsona atxilotu izana, sare sozialen eta Interneten bidez terrorismoa goratzea leporatuta.

Barrenak ohar baten bidez azaldu duenez, "euren iritziak sare sozialen bidez zabaltzen dituzten pertsonak atxilotu dituzte polizia operazio batean. Berriro ere, argi geratu da Espainian disidentzia politikoa iritzi delitutzat hartzen dutela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea