Politika -
'Armiarma operazioa'
15 lagun atxilotuta Euskal Herrian, ustez terrorismoa goratzeagatik
Guardia Zibilak orain arte 21 pertsona atxilotu ditu, sare sozialen eta Interneten bitartez terrorismoa goratzea leporatuta.
Erredakzioa
Guardia Zibilak 21 pertsona atxilotu ditu, horietatik 15 Euskal Herrian, sare sozialen eta Interneten bitartez terrorismoa goratzea leporatuta.
Horrez gain, atxiloketa bat izan da Gaztela eta Leonen, beste bat Galizian, bi Asturiasen eta beste bi Katalunian. Atxilotuetako bi adingabeak dira, Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Operazioak oraindik irekita jarraitzen du, eta atxiloketa berriak izan daitezke.
Ikerketa iturriek jakitera eman dutenez, 'Armiarma' operazioaren baitan, EAEn Guardia Zibilak gutxienez lau bizkaitar (horien artean bi adingabeak), arabar bat eta gipuzkoar bat atxilotu ditu.
Twitter eta Facebook sare sozialetan egindako iruzkinek, profil publikoetan, eta hainbat jarraitzaile dituzten orrialdeetan, oraindik aktibo dauden organizazio terroristek atentatuak egiten jarraitzeko nahia adierazten dute, besteak beste.
Atentatuei egindako laudorioak
Bestalde, atxilotuek eginda dauden atentatuei ustez laudorioak egiten zizkieten sarearen bitartez, dagoeneko epaituta eta zigortuta dauden terroristak goratzeko iruzkinak eta aske utzitako preso terroristei ongietorriak.
Iturri juridikoek Eferi jakinarazi diotenez, atxilotuei ETAko biktimei iruzkin iraingarriak egitea leporatzen zaie, besteak beste, Irene Villari edota Fernando Traperori, 2007an Frantzian taldeak hildako guardia zibilari.
Guardia Zibilak ustez atxilotuek terrorismoa goratzen zuten mezuak bildu ditu. Honako hauek dira batzuk: "Zuek hildakoak geure poza eta dibertsioa dira" edota "Pena bat da ETA ez izatea Irene Villa berria izateko".
Elkarren artean zerikusirik ez
Iturri berberek azaldu dutenez, atxilotuek ez dute euren artean zerikusirik, eta ETAren terrorismoaren apologiaz gain, batzuei yihadismoa goratzea egotzi diete.
Atxilotuak Auzitegi Nazionalaren esku utzi, eta banan-banan tratatuko dituzte, beraz, instrukzio-epaitegi batek baino gehiagok hartuko diete deklarazioa.
Guardia Zibila izan da operazioa gauzatu duena, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko 6 zenbakiko Instrukzio epaitegiko epailearen koordionaziopean. Lehenengo lanak "iruzkin horiek ez ezabatzeko froga izoztean" oinarritu dira.
Zigor Kodearen arabera, terrorismoa goratzeagatik bi urteko katzela-zigorra izatera iritsi daiteke.
Adierazpen askatasunaren aurkako eraso "lotsagarria", Sorturen ustez
Pernando Barrenako Sortuko bozeramaileak adierazpen askatasunaren eraso "lotsagarritzat" jo du Espainian gutxienez 17 pertsona atxilotu izana, sare sozialen eta Interneten bidez terrorismoa goratzea leporatuta.
Barrenak ohar batean azaldu duenez, "euren iritziak sare sozialen bidez zabaltzen dituzten pertsonak atxilotu dituzte polizia operazio batean, berriro ere, argi geratu da Espainian disidentzia politikoa iritzi delitutzat hartzen dutela".