Politika -
Kataluniako galdeketa
Kontsultarako txartelak preso batzuek egingo dituztela salatu du PPCk
Kataluniako Exekutiboak horren berririk ez duela erantzun dio Kataluniako Alderdi Popularrari.
Erredakzioa
Kataluniako herri-galdeketarako boto-paperak diseinatzeko eta inprimatzeko “presoak erabiltzea” egotzi dio Kataluniako Alderdi Popularrak (PPC) Artur Masen Gobernuari. Kataluniako Gobernuak horren berririk ez duela erantzun dio Alderdi Popularrari.
Parlamentuko kontrol saioan, Dolores Lopez Aguilar PPCko ordezkariak Gemma Gordo Justizia arduradunari kontsultarako boto-paperen inguruan galdetu dio: Lleidako birgizarteratze zentroko presoek txartel horiek diseinatu eta inprimatu behar dituzten galdetu dio Justizia kontseilariari.
“Legez kanpo” egingo duten galdeketari begira presoak “erabiltzea” egotzi dio PPCko diputatuak Exekutiboari, eta preso horiei prozesu horretan “parte hartu nahi duten” aurretik galdetu ez izatea ere gogor kritikatu du Lopez Aguilarrek.
Erantzuteko txandan, Kataluniako Gobernuaren Justizia arduradunak esan du ez duela horren berririk, baina birgizarteratze zentroek hainbat enkargu onartzen dituztela azpimarratu, administrazio batena zein alderdi politiko batena izan.
“Zure alderdiak enkargu bat egin nahi badio, prezio onean egingo dizute”, esan dio Gordok PPCko ordezkariari.
Haserre, Gordok azpimarratu du Lopez Aguilarrek “oso hitz potoloak” esan dituela. “Gaia oso modu desegokian jorratu duzu”, esan dio.