Politika -
Elkarrizketa 'Ganbara' saioan
Elpidio Jose Silva: 'Epaiketa lotsagarria eta zirkua da'
"Prozesuak arau batzuk behar ditu, baina denak urratu dituzte; epaiketa irregulartasunen entziklopedia bat da", salatu du magistratuak.
Eriz Lotina | eitb.com
Bere kontrako epaiketa salatu du Elpidio Jose Silva epaileak, eta prozesu "lotsagarria eta zirkua" dela adierazi du. "Oro har, herritarrak epaiketan gertatzen ari denaz ohartzen ari dira", azaldu du. "Irudiak munduari bira emango dio, lotsagarria da", nabarmendu du.
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, Miguel Blesaren auziko epaileak prebarikatu duelakoan hura epaitzen ari denak, ez du onartu Silvaren abokatuak, Candido Conde-Pumpidok, atzo aurkeztu zuen ukoa, "justifikaezina" dela iritzita, eta jarrera hori delitua izan daitekeela ohartarazi dio.
Epailea Radio Euskadiko 'Ganbara' irratsaioan elkarrizketatu dute gaur. Silvaren hitzetan, "abokatua aukeratzeko eskubidea urratzen ari dira". "Akusatu batek abokatua aukeratzeko duen eskubidea sakratua da", erantsi du.
"Nik ez dut abokaturik, baina epaimahaiak ez du entzun nahi", salatu du. "Prozesuak arau batzuk behar ditu, baina denak urratu dituzte, epaiketa irregulartasunen entziklopedia bat da", kritikatu du magistratuak.
"Auzitegiko presidenteak egin duenak munduari bira emango dio. Gizon bat abokaturik gabe uzten du, zentzugabekeria da", gaineratu du. "Nik ez diot deklaratzeari uko egin, baina abokatu bat behar dut; Auzitegiko presidenteak paperak galdu ditu", esan du.