Politika -

Film arrakastatsua

'Ocho apellidos vascos' Senatura iritsi da

EAJko senatari batek filma aipatu du, euskara errespetatzeko eredu moduan.

Jokin Bildarraitz. Argazkia: EiTB
Jokin Bildarraitz
'Ocho apellidos vascos' pelikularen arrakasta Senatura heldu da

2:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ocho apellidos vascos" film arrakastatsua Senatuko kontrol saioraino iritsi da astearte honetan, Jokin Bildarratz EAJko bozeramaileari esker.

Senatari jeltzaleak Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari egindako galdera bat aprobetxatu du, Rafa "sevillar, sevillar" batek Amaia "euskaldun, euskaldun" batekin duen maitasun istorioa kontatzen duen "film paregabea" goraipatzeko.

Senatarien algara eta zurrumurru artean, Bildarratzek filmaz hitz egiten jarraitu du, Rafak, Amaia lortzen saiatzeko, Euskal Herriko herri txiki batera bidaiatzea erabaki zuela esanez.

Horretarako, Rafak Kaixo, euskara beldurrik gabe liburua irakurri zuen, hizkuntza ikasten saiatzeko, "konkistatzea" Amaiaren hizkuntza partekatzeko "nahia nork bere gain hartzea" ere badelako.

"Gustatu nahi baldin bada, eta beste pertsona batekin eta elkarte batekin bizi nahi izanez gero, keinuak egin behar dira", nabarmendu du.

Bildarratzek bere kontakizunarekin jarraitu duen bitartean, senatari batzuek filmaren argumentua kontatzea leporatu diote, filma oraindik zinema-aretoetan dagoenean.

"Oraindik ez dugu ikusi!", esan dio batek; beste batek, aldiz, ironiaz: "Ez jarraitu, dagoeneko ikusi dugu eta".

Pio Garcia-Escudero Senatuko presidenteak bi aldiz eskatu behar izan die senatariei isiltzeko, EAJko senatariak Estatuko hizkuntza koofizialen aurrean filmeko gizonezko protagonistak erakusten duen errespetua eskatu ostean.

"Bizikidetza ez da edonola eraikitzen, magia bidez, egunez egun baizik", azpimarratu du Bildarratzek, eta, hori esan eta gero, Carlos Urquijo Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren jarrera kritikatu du, euskal erakundeek euskararen erabilera sustatzeko abiatu dituzten ekimenen aurka hainbat errekurtso aurkeztu dituelako azken bi urteotan.

Udal batzuek euskararekin legea urratzen dute, Rajoyren ustez

Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen iritzian, euskal udaletxeek hizkuntza-arloan euskararen harian hartzen dituzten erabaki batzuek legea urratzen dute, eta Carlos Urquijo Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren jarrera babestu du, hizkuntzaren inguruko legeak babestearen alde egiteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea