Politika -
BEC-EN
Ertzaintzaren 24. promozioko azterketa uztailaren 5ean egingo dute
Dagoeneko 3.000 pertsonak izena eman dute Lan Eskaintza Publikoan parte hartzeko; horien % 27 emakumezkoak dira.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Ertzaintzaren 24. promozioko 120 ertzain berriak aukeratzeko azterketa uztailaren 5ean egingo dute, Barakaldoko BECen, EiTBk jakin ahal izan duenez.
Dagoeneko 3.000 pertsonak izena eman dute Lan Eskaintza Publikoan parte hartzeko, eta horien % 27 emakumezkoak dira. Egun, Ertzaintzan, agenteen % 88 gizonezkoak dira eta gainerako % 12a, berriz, emakumeak.
Izena emateko epea maiatzaren 8an amaituko da.
Estefania Beltran de Heredia sailburuak aurkeztu zuen martxoaren amaieran Ertzaintzaren 24. promozioa osatuko duten 120 agente berri hautatu eta trebatzeko deialdia. Promozio berri honekin, "indartu eta berritu egingo da Ertzaintzaren plantilla, batik bat herritarren babesarekin lotutako zereginetan".
Deialdi berri honen bidez, Segurtasun Sailak Ertzaintzaren plantilla 8.000 ingurukoa izateko bitartekoak jarriko ditu. Kopuru hori da Ertzaintzaren plantilla ofiziala, bere garaian euskal administrazioak eta Estatukoak adostutakoa.
Arkautiko akademian trebatzeko aldia amaitu ondoren, agente berriak unitateetara sartuko dira, Herritarren Segurtasunerako plantillak indartzeko nagusiki.
Ertzain berriekin plantilla gaztetuko da; izan ere, sartzeko gehieneko adina 35 urtekoa da orain, Ertzaintzan sartzeko muga adin horretara handitu baitzuten 2010ean, legea aldatuta.
Hautapen prozesua oposizio sistemaren bidezkoa izango da, eta trebatzeko ikastaro batekin eta praktika batzuekin osatuko da.
Orotara, Ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteen 120 plaza beteko dira (C-2 taldea, titulazioari dagokionez), eta Ertzaintzaren 1. hizkuntza eskakizuna izango dute.
Eskatutako betekizunak betetzen dituzten pertsonak aurkeztu ahal izango dira deialdira. Espainiako nazionalitatea izatea, adinez nagusia izatea eta 35 urte beteta ez izatea, gizonen kasuan 1,65 metro neurtzea gutxienez eta emakumeen kasuan 1,60 metro, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, eskola graduatua edo Lehen Mailako Lanbide Heziketako graduatu titulua edo baliokidea (edo maila handiagoko tituluren bat) izatea, eta mediku-koadroan esklusio gisa jasotako ezaugarriren bat ez izatea dira baldintza horietako batzuk.
Hautapen prozedura honetan parte hartzeko eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.net) eskuratu ahal izango dira. Oposizioko ariketak zer hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren adierazi behar da bertan.
Horren gaineko informaziorik behar izanez gero, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, doako telefono honetara deitzeko aukera dago: 900 840 088.