Politika -

Aberri Eguna

Urizar: 'Erabakitzeko eskubidea herrien oinarri demokratikoa da'

Estatuek ezin dute herriek bere etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea 'oztopatu', Pello Urizarren arabera.

Pello Urizar (Artxiboko irudia). Argazkia: EiTB
Pello Urizar (Artxiboko irudia). Argazkia: EiTB
Erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egin dute Iruñean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Erabakitzeko eskubidea herrien oinarri demokratikoa da", Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren arabera. Independentistak Sareak Aberri Egunaren harira Iruñean antolatu dituen ekitaldietan parte hartu du Pello Urizarrek, eta bertan egin ditu adierazpenok.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Urizarrek nabarmendu du erabakitzeko eskubidea eskatzea ez dagokiela alderdi nazionalistei bakarrik, "bere burua demokratatzat duen edozein pertsonari edota alderdi orori baizik".

EAko buruzagiaren iritziz, Estatuek ezin dute herriek bere etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea "oztopatu". Are gehiago, "une honetan, eskubide hori aldarrikatzen duten estaturik gabeko hainbat nazioren adibideak ditugu Europan". Halaber, Aberri Eguna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko "egun aproposa" dela iritzi dio.

Josu Juaristi Europako hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaiaren iritziz, 2014ko Aberri Eguna "testuinguru historiko" batean ospatu da; izan ere, Eskoziak laster bere etorkizunaren gaineko erabakia hartuko du, eta Kataluniak "horretarako beharrezko baldintzak sortu ditu".

Juaristiren esanetan, 2014a erabakitzeko eskubidearen urtea izango da Europan, eta "Euskal Herriak eskubide hori gauzatzeko lehenengo ilaran egon behar du". Euskal estatua lortzeko "indarrak batzeko eta elkarrekin lan egiteko" deia egin die Juaristik euskal herritarrei.

Independentistak Sareak euskal estatuaren eraikuntzan parte hartzeko deia egin du

Independentistak Sareak Iruñea aukeratu du 2014ko Aberri Eguna ospatzeko, eta Sortu, Aralar, EA, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna alderdi politikoek eta ELA eta LAB sindikatuek ekitaldietan parte hartu dute.

Eguerdian ekitaldi politikoa egin dute Iruñeko Sarasate pasealekuan.

"Zenbait sektoreetatik diote independentziak gatazka, banaketa eta haustura ekarriko dituela euskal gizartera, Euskal Herrian identitate, hizkuntza eta kultura aniztasun handia dagoela argudiatuta. Horien esanetan, Estatuek bermatu dezakete aniztasun hori", Txutxi Ariznabarreta Independentista Sareko ordezkariaren arabera.

Ikuspegi hori "astakeriatzat" jo du Ariznabarretak. "Espainiak eta Frantziak inoiz ez dute aniztasun hori errespetatu, eta euskal nortasuna ukatu eta identitate espainiarra eta frantsesa inposatzen dituzte", esan du.

Ariznabarretaren ustez, independentziak soilik bermatuko du Euskal Herrian dagoen aniztasuna, eta hori dela eta, euskal estatuaren eraikuntzan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazio jendetsua, Iruñean

Milaka lagunek hartu dute parte igande honetan Iruñean Aberri Egunerako deitu duten manifestazioan, eta erabakitzeko eskubidearen alde azaldu dira bertan. Independentistak Sareak deitu du ekitaldia, eta Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak, eta ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin dute manifestazioarekin.

Garbiñe Bueno ekitaldia deitu duen Independentistak Sarearen bozeramaileak manifestazioaren hasieran esan duenez, "independentzia da euskal gizartearentzako etorkizuneko aukera bakarra, Euskal Herriko herritarren nahiei eta beharrei erantzun ahal diena".

Besteak beste, Pello Urizar EAren idazkari nagusiak, Maiorga Ramirez, Bakartxo Ruiz, Bikendi Barea eta Miren Aranoa parlamentari nafarrek, Pernando Barrena ezker abertzalearen bozeramaileak eta Hasier Arraiz Sorturen presidenteak parte hartu dute Iruñeko ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aberri eguna bideoak