Politika -

Diputatuen Kongresua

'Espainiar guztiei dagokiena ezin zaie bakar batzuei galdetu'

Alfredo Perez Rubalcabak Konstituzioaren erreforma baten alde egin du "Kataluniako ametsei eta berezitasunei erantzuteko". CiUk ere erreforma planteatu du, eta den-dena negoziatzeko prest agertu da.

Alfredo Perez Rubalcaba. EiTB.
Alfredo Perez Rubalcaba. EiTB.
Rubalcaba: ''Espainia, Katalunia gabe, ez da Espainia''

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko liderrak azpimarratu egin du ezin zaiela "gutxi batzuei" galdetu "herritar guztiei" dagokien gauza bat.

Rubalcabak nabarmendu egin du bere taldean PSCko diputatuak ere daudela, eta guztiak sozialistak direla, baina ez nazionalistak, eta identitate guztiak eroso sentitzen diren Espainiaren alde egiten dutela.

Oposizioaren buruak argi esan du: "Espainia, Katalunia gabe, ez da Espainia", eta, bere iritziz, ezin da onartu Katalunian batzuek "Espainiak lapurtu egiten diela" esatea.

Rubalcabak esan duenez, sozialistak "autodeterminazio eskubidearen eta Kataluniako independentziaren kontra" daudela: "Autodeterminazio eskubidea haustura eskubidea da, haustura lortu arte behin eta berriro erabiltzen den tresna, eta gu ez gaude horrekin ados".

Azkenik, Alfredo Perez Rubalcabak Konstituzioaren erreforma baten alde egin du "konstituzioaren oinarrian dagoen hitzarmena eguneratzeko" eta "Kataluniako ametsei eta berezitasunei erantzuteko".

Duranek Konstituzioaren erreforma planteatu du, eta den-dena negoziatzeko prest agertu da

''Gaur gaurkoz'' Rajoyk ''elkarrizketarako ateak'' itxi dituela esan du Josep Antoni Duran i Lleida CiUk Kongresuan duen bozeramaileak. Duranek atsekabea agertu du Rajoyren jarrera dela-eta, eta Espainiako Konstituzioarekiko errespetuaren inguruan ''leziorik'' onartuko ez dutela azpimarratu du. Ildo horretan, bere taldeak Konstituzioa babestu zuela gogoratu du Duran i Lleidak.

Josep Antoni Duran i Lleida_CIU

"Ez itxi Auzitegi Konstituzionalak zabalik utzi dituen ateak'', esan dio Rajoyri. Hala, CiUko bozeramaileak esan du ez dutela  ''Konstituzioaren erreforma sakonetan'' sinesten, baina, irtenbide gisa berau ''neurrian'' ukitzeko aukerari ateak ireki dizkio; horri lotuta, ''dena negoziatzeko prest’’ agertu da CiU.

Era berean, CiUko ordezkariak berretsi egin du galdeketaren asmoa ez dela alde bakarreko erabakia hartzea edo sezesioa onartzea; ''galdeketa mekanismoa'' baino ez dela esan du.

 

Izquierda Plural: "Erabakitzeko eskubidea eta independentzia nahastu dituzue"

Kataluniako galdeketaren inguruko eztabaida Kongresura "guztiz manipulatuta" iritsi dela salatu du Joan Coscubielak: "Erabakitzeko eskubidea eta independentzia nahasten ari gara: bata tresna da, bestea, ondorioa".

Joan Coscubiela_Izquiera Plural

Rajoyri "gezurrak" asmatzea aurpegiratu dio, "independentziaz ari garela sineztarazi nahi diguzu, eta ez da horrela". "Kataluniako Parlamentuaren proposamena elkarrizketaren aldeko proposamena da, eta Konstituzioaren barruan dago", azpimarratu du Izquierda Pluraleko ordezkariak.

Rosa Diez: ‘Ez dago ezer hitz egiterik jokoaren arauak aintzat hartzen ez dituenarekin’

Rosa Diez UPyDk Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, ''ez dago ezer hitz egiterik arauak betetzen ez dituenarekin, ezta auzitegietako epaiak bete ez izanagatik harro dagoenarekin edo jokoaren arauak aintzat hartzen ez dituenarekin ere''. Hala, UPyDko buruak esan du ''gaizkileak jazarri'' egiten direla, eta ‘’epaiak bete daitezen behar adina’’ egiten dela. ''Demokrazia legeak errespetatzea da, ez bakarrik botoa ematea'', gaineratu du.

Rosa Diez_Congreso

Halaber, Rosa Diezek kritikatu egin du Artur Mas Generalitateko presidentea Kongresura joan ez ezina.

Elkarrizketarako Rajoyren eskaintza ez baztertzea eskatu du PPk

Rajoy presidenteak elkarrizketarako egindako eskaintza ''ez gutxiestea'' eskatu du Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramaileak.

Alonsok azpimarratu duenez, alderdiek bazekiten proposamena ez zela legezkoa eta, alderdiek Kongresuaren ‘’ezetza’’ nahi zutela ere uste du PPko ordezkariak. Kataluniako Parlamentuaren proposamena ‘’erabat inkonstituzionala’’ dela berretsi du Alonsok, eta gaitzetsi egin du Artur Mas Kataluniako presidentea gaurko saioan ez egotea.

Halaber, jokoaren arauak eta gaurko emaitza errespetatzera deitu ditu alderdiak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea