Politika -
Zitazioa
Santamariak epailearen aurrean deklaratu du, zazpi delitu egotzita
Mehatxuak egitea eta indarkeria, lan bazterkeria eta botere gehiegikeria erabilita, langileen eskubideak zapaltzea egozten dizkiote Iruñeko foruzainen buruari.
Erredakzioa
Simon Santamaria Iruñeko Foru Poliziaren burua Nafarroako Auzitegian deklaratu du goizean, zazpi delitu egotzita, agente batek eta bi sindikatu polizialek akusazioa eginda.
Santamariak uko egin dio akusizoaren galderei erantzuteari.
Mari Paz Benito Iruñeko 3 zenbakiko instrukzio epaitegiko titularrak salatutako gertaerei buruzko galdeketa "zehatza" egin dio. Gaurko bistaren ostean, akusazioak Santamariaren aurkako espediente zigortzaile bat irekitzea eskatuko du, bide administratibotik.
Iruñeko Foruzaingoaren Elkarte Profesionalak, foruzain batek eta Espainiako Udaltzainen Sindikatuak jarri zuen salaketa: mehatxuak egitea eta indarkeria, lan bazterkeria eta botere gehiegikeria erabilita, langileen eskubideak zapaltzea egozten dizkiote.
Gaur goizeko 09:00etan zuen hitzordua epailearekin, baina ordu erdi lehenago iritsi da Justizia Auzitegira, bere abokatuarekin batera. Bertan zeuden hedabideen aurrean ez du adierazpenik egin.
Ordua baino lehenago iritsita, Iruña Askatasunez plataformak 09:00etarako deituta zuen elkarretaratzea ekidin du Santamariak. Plataforma horren iritzian, "onartezina" da zazpi delitu egotzita dituen pertsona bat udaltzainen buru izaten jarraitzea. UPNk udaltzaingoa bere proiektu politikorako erabiltzen duela salatu du Iruña Askatasunez taldeak.